ELAk hiru greba egun deitu ditu lan kargak murrizteko eta langile gehiago kontratatzeko eskatzeko
ELAk hiru greba egun deitu ditu Bizkaiko erresidentzietan eta etxebizitza komunitarioetan, azaroaren 19rako, abenduaren 17rako eta urtarrilaren 21erako. Sektoreko 5.800 langile baino gehiago mobilizatzera deitu ditu, hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoelako eta GESCA, LARES eta ELBE patronalek aurkeztutako proposamenengatik. Horien artean daude lan malgutasuna eta 600 eurotik gorako erosteko ahalmenaren galera.
Lan osasuna da sektoreko kezka nagusietakoa, lan karga handiek eta lan erritmo biziek baldintzatzen baitute eguneroko jarduna. ELAk salatu du enpresek beraiek egindako arrisku psikosozialen ebaluazioek langileen osasunerako arriskuez ohartarazten duten arren, patronalek egoera horri heltzetik urrun, are larriagotu dezaketen proposamenei eusten dietela. “Ezinbestekoa da lan baldintzetan eragitea, plantillak indartzea eta bai profesionalen bai egoiliarren kalterako den lan antolaketa aldatzea”, adierazi du Iratxe Viejo Bizkaiko egoitzen arloko arduradunak.
Hitzarmenaren negoziazioan hamar hilabete baino gehiago eta negoziazio mahaiaren zortzi bilera egin ondoren iritsi da greba deialdia, aldarrikapen nagusietan inolako aurrerapausorik lortu ez delako. ELAk neurri zehatzak eskatu ditu lan kargak eta lan erritmoak arintzeko, langile kopurua handitzeko eta enplegu egonkortasuna bermatzeko, kontratu mugagabeen eta lanaldi osoko kontratazioaren bidez.
Horrez gain, langileek IFASeko langileekiko soldata parekatzea eta 32 orduko lan astea aldarrikatzen dituzte. “Lan baldintzak hobetzea funtsezkoa da langileen osasuna babesteko eta egoitzetan zein etxebizitza komunitarioetan kalitatezko arreta bermatzeko”, gaineratu du Iratxe Viejok.
Egoera horren aurrean, ELAk GESCAri, LARESi eta ELBEri eskatu die murrizketa proposamenak bertan behera utzi eta sektorearen beharrei erantzungo dieten alternatibak aurkez ditzatela, azaroaren 26rako aurreikusita dagoen hurrengo negoziazio bileran. Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu dio esku har dezala negoziazioa desblokeatzeko eta sektoreko profesionalen bizi eta lan baldintzak hobetzea zein erabiltzaileei eskaintzen zaien arreta hobetzea ahalbidetuko duten benetako konpromisoak exijitzeko, zerbitzuaren ardura duen erakundea den aldetik.