Eusko Jaurlaritzak enplegatu publikoen datuak baimenik gabe eman ditu
ELAk sail Datuen Babeserako Euskal Agentziari jakinarazi zion kasu hau 2014ko urriaren 20an, eta agentziaren ebazpena benetan gogorra da:
“Sailburuordetzak Datu Pertsonalen Babeserako Legearen 6. artikuluan jasotako araua hautsi du; jokabide hau Eusko Legebiltzarreko 2/2004 Legearen arabera ARAUHAUSTE LARRIA da”. Halaber, agentziak sailburuordetzari eskatzen dio legea berriro ez hausteko erabaki tekniko eta organizatiboak har ditzala, eta zigorraren berri ematen dio Arartekoari.
ELAren ustez, Datuen Babeserako Euskal Agentziak agerian utzi du sailburuordetzak zenbateko utzikeria eta ezaxolaz jokatu zuen pertsonal laboralaren datuen konfidentzialtasuna babesterakoan (hauen artean, langile bakoitzaren izen-abizenak, postua eta destinoa).
Sindikatuak salatu duenez, arduradun politikoek eskuak garbitu nahi izan dituzte, eta gertatutakoa argitzen saiatu ordez ELAko eskariei muzin egin die. arduragabekeria politiko hau sail honetako beste kolektiboren batekin gertatu balitz zalaparta komunikabideetan izugarria izango zatekeen.
ELAk Eusko Jaularitzako arduradun politikoei dei egiten die autokritika egin dezaten , ez bait dute zentzuz jokatu, bere enplegatuen datu pertsonalak erabiltzerakoan segurtasun arazo nabarmena delarik. Honelakorik berriro gerta ez dadin egin beharrekoa egin behar du sailburuordetzak.
Halaber, jakin nahiko genuke Eusko Jaurlaritzaren barnean arauhausteak ondoriorik izango ote duen, izan ere, EAEko HAUTETSI PUBLIKOentzako (Administrazio Orokorraren zerbitzura dauden gobernuko kide, goi-kargudun, aldi baterako langile eta gainerako zuzendaritza-kargudunak) Etikaren eta Gobernu Onaren Kodearen arabera, “beren eginkizunetan, nolanahi ere, datu pertsonalak babestuko” baitituzte.
Gainera, sindikatuak uste du lan hau esternalizatzeko erabakia ere gaitzesteko modukoa dela, Eusko Jaurlaritzako pertsonalak kudeatu behar izango baitzukeen, 2010eko zerbitzuen esternalizaziorako irizpideei buruz Gobernu-Kontseiluak hartu zuen erabakiaren arabera.
Akordio hartan, zeina Negoziazioko Mahai Orokorrean iritsi zen Itun baten ondorio izan zen, jasotzen da “lehentasunez erabiliko dira bitarteko propioak, eta esternalizaziora soilik joko da dauden giza-baliabide eta baliabide teknikoekin zerbitzua egiteko aukerarik ez dagoenean...”. Azkenik, esan beharra dago honek agerian uzten duela Jaurlaritzak zerbitzuen esternalizazioaren alde egin duela, enplegu publikoaren ordez.