BASURTUKO OSPITALEA

ELAk salatu du larrialdi zerbitzua kolapsatuta dagoela, triajean 110 paziente ere zain egon direlarik

ELAk salatu du larrialdi zerbitzua kolapsatuta dagoela, triajean 110 paziente ere zain egon direlarik
Boxen eta langile faltak, Bilboko Etengabeko Arreta Guneen (EAG) gaueko itxierarekin batera, langileek urteak daramatzaten arazo estrukturala larriagotu dute.

ELAk Basurtuko Ospitaleko larrialdi zerbitzuak bizi duen kolapso egoera salatu du gaur. Azken bi asteetan, larrialdiek ez daukate baliabide nahikorik arreta eskaerari erantzun ahal izateko, eta, ondorioz, langileak gainezka daude.

Azken egunetan ez dago box nahikorik, eta, horren ondorioz, pazienteak boxaren zain pilatuta daude. Egunero, batez beste 30 paziente daude zain. Horiei 60 paziente gehitzen zaizkie, batez beste, hasierako triajean ilaran eta zain. Pasa den astelehenean, 110 pertsona egon ziren zain triajean, azken urteetako daturik altuena.

Azken egun hauetako argazkia onartezina da: korridoretan ohe baten zain dauden pazienteak, ospitaleratu ahal izateko itxaroten; eta behaketa-boxak, indibidualak izanik, bi pertsonekin daude okupatuta pazienteei arreta eman ahal izateko. Horrek, jakina, frustrazio handia sortzen du erabiltzaileen artean eta, askotan, frustrazio hori langileen gainera dator, eta horrek eraso-arriskua areagotu egiten du.

Gogoratu behar da Bilbo-Basurtu ESIak urgentzia berritzeko proiektu bat duela, eta bertan boxen kopurua handitzea aurreikusten dela, bai eta pazientea hartzeko eta artatzeko eremua berrantolatzea ere. Neurri horiek, hein batean, etengabe errepikatzen ari den arazo hau arinduko lukete. Hala ere, aurrekontu faltagatik, proiektu hau geldirik dago. Onartezina da Bilbo bezalako hiri batentzat lehentasunezkoa ez izatea herritarrei arreta emateko baliabideak dauzkaten larrialdiak edukitzea.

Azpimarratu behar da, ere, Basurtuko Ospitaleko larrialdien egoera larriagotu egiten dela Osakidetzak gauean Bilboko EAG guztiak ixteko hartu zuen erabakiaren ondorioz, eta horri gehitu behar zaizkio Lehen Mailako Arretan oporraldietan egin ohi diren itxierak eta ordutegi-murrizketak.

Iaz, langileak mobilizatu egin ziren hiru eskaera nagusien inguruan: EAGak gauetan berriro irekitzea; larrialdi-zerbitzua berritzeko proiektua gauzatzea; eta plantilla handitzea. Urteetan zain egon ondoren, Bilbo-Basurtu ESIak ez du egoera horri konponbidea emateko neurririk martxan jarri.

Horregatik guztiagatik, ELAk eskatu du Bilbo-Basurtu ESIko zuzendaritzak neurriak har ditzala Basurtuko ospitaleko larrialdietako langileen osasuna babesteko eta egiturazko arazo horri aurre egiteko, bai eta herritarren arreta-eskaerari berme osoz aurre egiteko ere.