Langabeziak gora egin du eta prestazioak hondoratzen dabiltza

2017/02/02
Langabeziak gora egin du eta prestazioak hondoratzen dabiltza
2017ko urtarrilean 180.319 pertsona egon dira langabezian izen emanda Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 4.101 gehiago. Langabezia-prestazioek langabe zeuden pertsonen %39,3 besterik ez dute babestu.

2017ko urtarrilean 180.319 langabe erregistratu dira Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 4.101 gehiago. Aurreko urtearekin alderatuz, langabeziak 19.586tan egin du behera.

Lurraldeka, Nafarroan 41.242 pertsona egon dira langabezian (abenduan baino 1.197 gehiago) eta EAEn 139.077 (2.904 gehiago). Langabe egon diren 180.319 pertsonetatik, 99.808 emakumeak dira (%55,4) eta 12.453 gazteak.

Urteko lehen hilabetean 103.855 kontratu egin dira HEH mailan, horietatik soilik 8.080 mugagabeak izan direlarik eta gainontzeko 95.775 aldi-baterakoak; hortaz, kontratazioan eman den behin-behinekotasuna %92,2koa izan da. Azken aldian bezala, Nafarroan eman den tenporalitatea altuagoa izan da (%93,9) EAEn eman dena baino (%91,6).

Bestalde, abenduko langabeziagatiko prestazioetara bideraturiko diru kopurua 70,1 milioi eurotakoa izan da, langabeko 397,73 eurotakoa hain zuzen.

Horretaz gain, langabeziagatiko prestazio horiek langabe zeuden pertsonen %39,3 besterik ez dute babestu. Ehuneko hau era jarraitu eta nabarmenean dabil murrizten azken urteotan: adibide gisa, 2009an langabeen %69,5 babesten zituzten langabeziagatiko prestazioek eta 2013an %52.

Egun ematen ari den BPGaren hazkunde handien beste aldean pertsona askoren egoera oso okerra da, hori dela eta neurriak hartu behar dira sortzen den enplegua ez dadin izan soilik tenporala eta prestazioek beharra duten biztanleria osoa babestu dezaten.