Osalanek arrazoia eman dio ELAri eta Vitaly zigortu du
Osalanek egiaztatu du ELAk aurrez salatutakoa: Vitalyk langileen osasuna zaintzeko jarraipena egiten du horretan espezializatuak ez dauden langileak erabilita, eta horrek ez ditu betetzen 843/2011 Errege Dekretuan eta 90/2023 Dekretuan ezarritako eskakizunak. Halaber, erakunde publikoak baieztatu du prebentzio zerbitzuak bi aldiz jaso duela zehapen irmoa, eta ohartarazi dio egindako errekerimenduak ez betetzeak ondorioak izango dituela.
ELAk azpimarratu du erantzukizuna ez dagokiola soilik prebentzio zerbitzuari, baita zerbitzu hori kontratatzen duten enpresei ere; izan ere, haiek ere langileen segurtasuna eta osasuna bermatu behar dituzte.
Sindikatuak gogorarazi du osasunaren zaintza ez dela osasun azterketak bakarrik egitea; aitzitik, osasun jarduera espezializatu bat da, lanak eragin ditzakeen kalteak detektatzeko, laneko arriskuekin lotzeko eta prebentzio neurri egokiak proposatzeko.
Horregatik guztiagatik, ELAk Osalani eta Lan Ikuskaritzari eskatzen die egindako errekerimenduak benetan betetzen direla konfirmatzea, egiaztatutako irregulartasunen jarraipena egitea eta behar diren neurriak hartzeko osasunaren zaintza behar bezala gaitutako profesionalek egiten dutela bermatzeko.