Ia erabateko jarraipena izan du lehen greba egunak
Bizkaiko kontserba sektoreko lehen greba egunak ia erabateko jarraipena izan duela nabarmendu du ELAk. ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek deitutako lanuzteak inflexio-puntua ezarri du gatazkan, eta hitzarmenaren negoziazio bete-betean patronalaren gaineko presioa handitu du.
Mobilizazioa Bilboko kaleetara ere zabaldu da. 300 langiletik gora egin dute manifestazioa Bizkaia enparantzatik CEBEKen egoitzaraino. 600 langile inguruk osatzen duten sektorean, ELAren arabera, gaurko erantzunak “inplikazio maila aparta” erakutsi du.
Greba apirilean Bermeon eta Ondarroan egindako lanuzte eta protesten ondoren iritsi da, eta langileek “soldata eta lan baldintza duinak lortu arte mobilizazioari eusteko borondatea” dutela erakusten du, ELAk dioenez.
Sektore “ezinbesteko, feminizatu, arrazializatu eta prekarizatu” baten lan baldintzek sortutako ezinegonari egotzi dio ELAk grebaren babes zabala. Sindikatuak patronalari leporatu dio soldatak “LGSaren mugan” mantentzea eta negoziazioan aurrerapausoak blokeatzea.
ELAk ohartarazi du gaurko eguna mugarri bat izango dela gatazkan, eta patronalari langileek salatutako prekaritateari “erantzun sendoa” ematea eskatu dio.