ELAk 350 militanteren aurrean nabarmendu du greba orokorra LGSri bidea irekitzen ari zaiola Kongresuan eta beste instantzia politiko batzuetan
ELAk 4.000 militante inguru bildu ditu egun hauetan Hego Euskal Herri osoko 13 eskualde batzarretan, atzotik martxoaren 11ra bitartean. Nafarroan, gaur goizean batzar orokorra egin da Burlatako Kultur Etxean, sindikatuko 350 ordezkariren aurrean.
ELAk batzar honetan nabarmendu duenez, greba orokorraren deialdia bidea irekitzen ari zaio EAEri eta Nafarroari LGS propioa arautzeko. Alde batetik, ELA (beste sindikatuekin batera) alderdi politiko guztiekin (PP, Vox eta UPN izan ezik) bildu zen duela egun batzuk Diputatuen Kongresuan, Langileen Estatutua aldatzea proposatzeko, eta inork ez zuen kontra egin. PSOEren ordezkaritzak aitortu zuen lurralde bakoitzean LGS propioa ezartzea "sinplea" dela, "baina ez erraza". Bestela esanda, bidea irekita dago, eta Sanchezen inbestidura babestu zuen blokearekin bat datorren gehiengo politikoa baino ez du behar. Zentzu horretan, EH Bilduk eta Geroa Baik dagoeneko erregistratu dute Nafarroako Parlamentuak Langileen Estatutuaren aldaketa Madrilen exijitzeko lege proposamena.
Horregatik guztiagatik, eta egun hauetako batzarren eta mobilizazioen arrakasta ikusita, ELAk uste du M-17ko grebak kaleak betetzea eta lantokiak hustea lortuko duela.