ITV (BERGARA ETA ZARAUTZ)

Erakundeei erantzukizunak eskatu dizkiete, grebak lau hilabateen langa gainditu duenean

Erakundeei erantzukizunak eskatu dizkiete, grebak lau hilabateen langa gainditu duenean
Grebalariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan agertu dira Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatzeko, eta ITV-Itasua enpresaren gaineko kontrol publiko falta eta lan eskubideen urraketa salatu dituzte.

Bergarako eta Zarauzko IAT zerbitzuetako langileek, lau hilabete baino gehiago greban daramatzatenek, erakunde arduradunei eskatu diete zerbitzu publikoaren kudeaketan beren erantzukizunak har ditzatela, ITV-Itasua enpresaren jardunaren aurrean. Horretarako, agerraldia egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Agerraldian, grebalariek erakundeen erantzunik eza salatu dute, eta ohartarazi dute gatazkak langileen baldintzetan ez ezik, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren bermeetan eta segurtasunean ere izan dezakeela eragina.

Langileek zalantzan jarri dute lankidetza publiko-pribatuaren eredua. Haien ustez, eredu horrek enpresa pribatuari etekinak lortzeko aukera ematen dio, langileen lan-baldintzak prekarizatzen diren bitartean, lan-eskubideak urratzen dira eta zerbitzuaren behar bezalako prestazioari buruzko zalantzak sortzen dira. Egoera horren erantzukizun politikoa EAJri eta PSEri egotzi diete, eta jarrera argia hartzeko eta Eusko Jaurlaritzari zuzenean esku hartzeko eskatzeko exijitu diete.

Erreklamazio nagusien artean, ITV-Itasua enpresaren gaineko kontrola indartzea, araudia betetzen dela gainbegiratzea eta langileen eskubideak zein herritarren interes orokorra bermatzea daude.

Zehazki, grebalariek Eusko Jaurlaritzari esku hartzeko eskatu diote, honako helburu hauekin:

 

 

  • Langileen lan-baldintzak eta Gipuzkoako gainerako IAT zentroetako langileekiko dauden desberdintasunak konpontzeko bide eraginkorra sustatzea.

  • Greba-eskubidearen urraketari buruzko erantzukizunak argitzea eta eskubide hori bermatzeko neurriak hartzea.

  • Ordezko langilearen prestakuntzari eta aurkeztutako dokumentazioari buruzko ikerketa formala bultzatzea.

  • Itasua IAT zerbitzuaren kudeaketan araudia betetzen ari den egiaztatzea, eta beharrezko kontrol publikoa bermatzea.

  • Enpresaren eta langileen arteko gatazkari irtenbidea emateko benetako bitartekaritza eta negoziazioa sustatzea.