Konstituzionalak esandakoari men egitea murrizketak aplikatzeko prest egotea da
Rajoyek esparru honetan murrizketa bidegabeak egin ditu, eta hauek Jaurlaritzaren eskumenetan esku-hartze nabarmena dira. Horregatik ezin ditugu onartu.
ELAk lehenago ere salatu izan du Jaurlaritzak tranpa egiten duela mozketen aurkako itxuraz duen jarrerarekin. Batetik, izatez horietako asko aplikatzen ari da, eta gainera bere erabakiz beste batzuk ezarri ditu, eskubideak eta aurrekontuak murriztuz osasun, hezkuntza, etxebizitza zein gizarte-prestazioetan.
Patxi Lopezek jokabide elektoralista agertzen du murrizketen aurka dagoela esaten duenean. Izan ere, inoiz ez du esan aplikatuko ez dituenik, eta itxuraz helburu bakarra baitu, hauteskundeak deitu aurretik denbora irabaztea.
Osasungintzako murrizketei dagokienez, ELAk salatu du Gasteizko Gobernuak atzo esandakoa, hots, Auzitegi Kontituzionalaren erabakiari men egingo diola, praktikan murrizketak aplikatuko dituela onartzea da. Jaurlaritzak, ELAk bezalaxe, bazekien Konstituzionalak -bat ere sinesgarria ez den auzitegiak- zer esango zuen. Horregatik salatu du sindikatu honek egunotan errepikatzen den amarrua, Rajoyren murrizketentzako alternatiba helegite juridikoa sartzea dela esatea.
ELAk Eusko Jaurlaritzari egintza politikoak eskatu dizkio, hots, jendearen eskubideak murrizteari uko egitea, eta horrenbestez, osasungintzan ezarri nahi den berrordainketari uko egin diezaiola. Beste edozer jendea engainatzeko saioa besterik ez da, gauza bat esanez (murrizketen aurka dagoela) eta kontrakoa eginez (murrizketak aplikatzea).