Otsailaren 2an, elkarretaratzeak egingo dira lantoki eta udalerrietan lan erreformaren aurka eta lan harremanen esparru propioaren defentsan
2022/02/01
Bihar, otsailak 2, ELA, LAB, STEILAS, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko lantoki eta udalerrietan lan erreformaren aurka eta lan harremanen esparru propioaren defentsan.
Espainiako Gobernuak, CCOOk, UGTk eta CEOEk hitzartutako lan erreforma onartzeko Errege Lege Dekretua Diputatuen Kongresura iritsi bezperan egingo dira kontzentrazioak. Aurrera ateratzeko, EAJren eta EH Bilduren botoak ezinbestekoak izan daitezke. Horregatik, ELAk eta gainerako sindikatuek lan erreforma honi EZ bozkatzeko eskatu diete alderdiei, hori baita lan erreforma indargabetzeko aukerari eusteko bide bakarra.
Elakerreratzeak honako lekuetan egingo dira hiriburuen kasuan: Donostian, 11: 30ean, Alderdi Ederren; Bilbon, 11: 30ean, Moyuan; Iruñean, 11: 30ean, Udaletxe plazan; eta Gasteizen, 12: 00etan, Posta plazan.