2014a funtsezko urtea da Nafarroako itunpeko irakaskuntzan hitzarmena lortzeko bidean
ELA sindikatuak azpimarratu nahi du 2014a funtsezko urtea izango dela itunpeko irakaskuntzan Nafarroako itunpeko hitzarmen baterantz abiatzeko, Euskadiko Autonomia- Erkidegoan 1988tik duten bezala. Negoziazio-mahaia eratzeko deialdiak alferrikakoak dira aldi berean ez badaramate langileen konpromisoa.
Honen aurrean, ELAk erroetatik hasi nahi du, eta 2014-15eko hauteskunde sindikalak aprobetxatu itunpeko irakaskuntzako 2.200 langile-taldeak bere buruaren jabe egin eta bere helburu historikoak lortzeko: Nafarroako hitzarmena, irakaskuntza publikoarekin homologazioa, krisialdian dauden ikastetxeekiko errekolokazioa.
Langileendako hain kaltegarriak izan diren akordioek, Gobernuak eroso-eroso bultzatuta, Sepna sindikatu eta patronalarekin batera, murrizketen zerrenda luzea handitzen dute: soldata taula bikoitza 2 urteko haurren geletan, irakasle berrien eta antzinekoen ezberdintasuna hileko 200 eurokoa izanik, eta errelebu-kontratadunek 4 ordutik 6 ordu-lektibotara pasatzea.
ELAk proposatzen duen aldaketa, patronala estutzean datza, zertarako eta Nafarroan inoiz nahi izan ez duten EAEn bezalako hitzarmena sinatzeko, nahiz eta hango eta hemengo ikastetxeak berberak izan. Nafarroako hitzarmena behar dugu, baina ez Estatu mailan Sepnak eta UGTk sinatutakoaren antzekoa, baizik eta lan erreformarekiko babesten gaituena.
EAErekin dugun desberdintasuna gero eta nabariagoa da, kontuan hartzen badugu hango Auzitegiak patronala behartu duela 2009ko hitzarmena betetzera; bitartean Nafarroan, gure erosteko ahalmenaren %19 galdu dugu, 2010ean Nafarroako Gobernuak funtzionarioei bezala soldata murriztu ondoren, eta 2012an soldaten %2,5a jaitsi eta gero. EAEko langileek, maltzurkeriaz murriztutako soldaten zati handia berreskuratu dute, eta falta dena berreskuratzeko bidean daude. Eta hor ELA giltzarria da, ordezkaritzaren % 57a daukalako, baita beste sindikatuen (UGT barne) ildoaren lidergoa ere.
Erakunde batzuk LOMCE indarrean izatearen kexu besterik ez dira. Lege horrek langile-auzoetatik at dauden itunpeko eskola elitista eta baztertzaileen alde dago, eskola-kontseilurik gabekoak. ELAk aurrerago begiratzen du, bere apostua LOMCEren ezarpena oztopatzea baita, eta Nafarroako Gobernua estutzea aplika ez dezan. Nafarroako Parlamentuak berezko hezkuntza lege bat atera behar du, ELA horretan ari da lanean beste eragile batzuekin batera.