HEZKUNTZA PUBLIKOA

“Hezkuntzako greben helburua hitzarmenak eduki onekin berritzea da”

2025/01/31
ELAk Hezkuntzan duen arduradun Miren Zubizarretak urtarrilean eta otsailean deitu diren greba eta mobilizazioen garrantzia azpimarratzen du

ELAk, Steilas, LAB eta CCOO sindikatuekin batera, hamabi greba egun deitu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Publikoan: lau egun hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleetan (urtarrilak 22-23 eta otsailak 26-27), lau egun Haurreskolak Partzuergoan (urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13) eta beste lau egun sukaldari eta garbitzaileen sektorean (urtarrilak 30-31 eta otsailak 19-20). ELAk Hezkuntzan duen arduradun Miren Zubizarretak greba eta mobilizazioaren garrantzia azpimarratzen du, eta ziur da jarraipena oso handia izango dela.

Zergatik deitzen ditugu greba egun hauek?

Aurreko ikasturtean sektore publiko osoari lotutako hiru greba egun deitu genituen, urrian, abenduan eta martxoan. Gainera, urriaren 24an, LAB kenduta, gainontzeko sindikatuek greba deitu genuen Hezkuntza Publikoan. Tartean, noski, azaroaren 30eko greba feminista orokorra egon zen. Orain deitu ditugun grebak iragan ikasturtean hasitako dinamikaren jarraipena dira. Logika horretan ulertu behar dugu deialdia.

Hezkuntza Publikoko langileek urteak eta urteak daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago; sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena, berriz, 2009tik. Eta 2025. urtean gaude! Helburua ez da hitzarmenak berritzea berritze hutsagatik, helburua hitzarmenak eduki onekin berritzea da. Eta, eduki horiek, iragan ikasturtean sektore publikoko grebetan mahai gainean jarri genituenak dira.

Zeintzuk lirateke eduki horiek?

Hainbat puntu garrantzitsu daude. Esaterako, erosahalmena berreskuratzea. Azken hitzarmena sinatu zenetik hezkuntzako langileek %20ko galera izan dute erosahalmenean. ELAn gai hau asko landu dugu, eta badugu galdutako erosahalmena berreskuratzeko proposamen zehatza.

Oinarrizko beste puntu bat lan zamak arintzea da. Gai honetan ere proposamen zehatza landu dugu, helburua, betiere, etapa guztietan eta modu orokortuan irakastorduak jaistea izanik. Lan kargak arintzea ere enplegua bermatzeko neurri bat da. Eta, noski, eskaintzen den hezkuntzaren kalitatea hobetzeko oso garrantzitsua da lan kargen arintzea.

Ratioen jaitsiera eta baliabide gehiago izatea ere funtsezkoak dira kalitatezko Hezkuntza Publikoa bermatzeko. Gazteberritze plana garatzea ere eskatzen dugu. Eta, noski, enpleguaren gaia ere mahai gainean jarri nahi dugu. Jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz ezinbestekoa da aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea eta lanpostuak egonkortzea. Milaka eta milaka dira urteak joan urteak etorri ordezkapenak egiten ari diren langileak. Ordezkapenak izan arren, argi dago behar estruktural bat betetzen ari direla. Hitz egin dezagun egoera hori nola erregularizatu, zer egin daitekeen langile horiek finkoak izateko. Ezinbestekoa da behin-behinekotasun erreala %8ra jaisteko neurriak hartzea, ordezkoak barne.

Azkenik, oinarrizko beste hiru puntu aipatuko nituzke: berdintasun planak, euskara eta lan osasuna. ELAn lan osasunaren esparrua aspaldi lantzen ari gara. Honen lekuko dira azken hilabeteetan egin ditugun agerraldi eta mobilizazioak. Arrisku psikosozialen inguruan ez dago azterketa bakar bat ere, ez zaio garrantzirik ematen. Hezkuntza Sailak, teorian, prebentzio zerbitzu propioa du, baina ez du ia baliabiderik. Zein lan egin lezake zerbitzu horrek jenderik ez badu?

Aurreko ikasturtetik hona Eusko Jaurlaritza berria dago. Hezkuntza sail berria, politika zaharrak?

Bai. Greba deialdiak publiko egin genituenean Hezkuntza Sailak adierazi zuen harrituta zeudela, sindikatuekin ia egunero biltzen direla argudiatuz. Egia da sindikatuekin –gurekin ez horrenbeste– aldiro biltzen direla, mahai negoziatzaileak eta mahai teknikoak deitzen dituztela. Baina gero bilera horiek hutsalak dira.

Jaurlaritzak momentuz bi gauza argi esaten ditu: lehena, aurrekontuetan ez dagoela gure eskaerei erantzuteko dirurik; bestetik, eskumen aldetik tope batzuk dituztela eta badaudela Madrilek erabakitzen dituen eta erabakita datozen kontuak. Lotsagarria da argudioa bera erabiltzea ere, ustezko tope hauek markatzen dituzten estatu espainiarreko aurrekontuak eta gainerako legeak, hemengo alderdien babesarekin eta aldeko bozekin onartu ohi direnean.

Bide batez, sektore publiko osorako balio duten aitzakiak...

Horregatik diogu greba hauek aurreko ikasturtean sektore publikoan deitutakoekin lotura zuzena dutela, bi aitzakia hauek sektore publiko osorako erabiltzen dituztelako. Gauzak lortzeko moduak eta formulak bilatu beharko dira, bai. Baina, era berean, Eusko Jaurlaritzak dituen eskumenen defentsa egin behar du. Lan baldintzak, enplegua edo zerbitzu publikoak hemen erabakitzeko aldarrikapena egin beharra dago. Presio hori egiten ez duzun bitartean, puntu horiek hemen erabakitzeko aukera ez duzun bitartean, hartuko diren neurriak partxeak izango dira. Aurrekontuetan zerbitzu publiko onak eta eraginkorrak bermatzeko adina inbertsio bideratu behar da ere. Hau zuzenean lotuta dago fiskalitatearekin. Hain zuzen ere, abenduaren 14an milaka lagun bildu ginen Bilboko kaleetan hau aldarrikatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren asmoa gu joko arau horretan sartzea da. Esaten digute: ‘Soldatak Madrildik datoz erabakita, enplegua Madrilek ezartzen du, erretiro aurreratuaren inguruan Madrilek erabakitzen du. Gu ezin gara hortik mugitu’. Hori da ezarri nahi diguten markoa. Batzuk gehiago egokitzen dira marko horretara, baina ELAtik argi dugu ezetz, ez dugu onartzen hori izatea joko zelaia eta horiek izatea joko arauak. Erosahalmena berreskuratzeko neurriak eskatzen ditugu, erretiroa aurreratzeko neurriak, lan zamak arintzeko neurriak, behin-behinekotasuna %8ra jaisteko prozesuak… Eta horretarako langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki behar direla aldarrikatzen dugu.

Beraz, bildu biltzen gara, bilerak egon badaude, baina edukirik gabeko mahaiak dira, ez dago negoziazio errealik. Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi du zeintzuk diren gehienezko edukiak, eta hortik mugitzen bazara, ez dago adostasunik.

Eta zer egin dezakegu korapilo hori askatzeko?

Hasteko, ezinbestekoa da mobilizazio jarraitua eta indartsua izatea. Hori aktibatu denboran mantendu beharra dago. Mahaiei dagokionez, berriz, agian logikoa litzateke ez joatea edukirik ez duten mahaietara, gutxienez benetako edukiak egon arte. Aipatu dugu, 15 urte pasatxo dira hitzarmenik gabe. Pentsa urte hauetan zenbat bilera egon diren, zenbat mahai negoziatzaile deitu diren. Eta hor jarraitzen dugu, eduki errealik gabe. Horrenbeste urteren ostean agian koherenteena litzateke benetako edukiak izan arte mahai

horietan parte hartzea etetea. Guk hori planteatu dugu, baina puntu honetan ez da adostasun sindikalik. Normala da jendeak ez ulertzea mahai negoziatzaile horiek zertarako balio duten 15 urte baina gehiago pasa badira azken hitzarmena berritu zenetik. Eta, bestalde, Jaurlaritzari legitimitatea eta aitzakia bat ematen diozu. Izan ere, Jaurlaritzak fikzio bat erabiltzen du aitzakia gisa negoziazio bat dagoela justifikatzeko.

Hezkuntza Publikoko grebak 2024ko abenduaren 16an iragarri ziren. Hiru egun geroago, abenduaren 19an, Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu zuen Heziketa Bereziko sektorean LAB, Steilas eta UGTrekin. CCOOk ez zuen sinatu. ELAk akordioa kritikatu zuen. Zergatik?

Ez direlako aintzat hartzen sektoreko aldarrikapen nagusiak. Azken finean, akordioak ez ditu jasotzen Hezkuntza Publikoko gainontzeko sektoreetan aldarrikatzen ditugun edukiak. Gure ustez galdutako aukera baten aurrean gaude. Akordioak zenbait alderdi positibo izan arren, alderdi negatiboak askoz gehiago dira, nabarmen. Akordioak zehaztasunik gabeko hainbat kontu ditu, gai asko etorkizuneko negoziazioetara bideratzen dira: lanaldia, lan osasuna, adinagatiko ordu murrizketak, ordezkapen araudia, euskalduntzea… Eta gainera, atzerapausoak eta murrizketak jasotzen dira akordioan.

Hamaika arrazoi ditugu kontra egoteko. Esaterako, ez da erosahalmena berreskuratuko. KPIaren erreferentzia eta bermea duen soldata igoerarik ez da aurreikusten kolektibo guztientzat. Akordioan ez dago atzera eraginik, soldata igoerak 2025erako eta 2026rako direlako.

Eta, soldatez gain, hitzarmenak gabezia nabarmenak ditu. Behin-behinekotasun erreala kontsolidazio bidez %8ra jaisteko formularik ez da zehazten; lanaren antolakuntza eta lan karga egokiak bermatzeko neurriak ez dira jasotzen, etorkizuneko negoziaketetarako uzten dira; jardun erdiko lanpostuak oso bihurtzeko neurrik ez dago; errelebo kontratuak negoziazio esparrutik ateratzen dira; ordezkoen baldintzak hobetzeko neurri eraginkorrik ez dago…

Laburtuz, hezkuntzako beste sektoreetan deitutako grebetan aldarrikatzen ari garen gauzak ez dira jasotzen. Hortaz, ez dugu ulertzen zerk justifikatzen duen bere sinadura.

Nola aurreikusten duzu urtarrilerako eta otsailerako deitutako greba eta mobilizazioen jarraipena?

Hezkuntzako jendea haserre dago, eta agerikoa da hamaika arrazoi dituela. ELAn gure indar osoa jartzen ari gara hamabi greba egun hauek arrakastatsuak izateko. Hezkuntzako jendea lan bikaina egiten ari da. ELAk eskura dituen tresna guztiak jarriko ditu mobilizazio dinamika arrakastatsua izateko. Esaterako, greba kutxa. Greba eta mobilizazioa dira lan eta bizi baldintzen hobekuntza erreala lortzeko dugun tresnarik eraginkorrena, baita hezkuntza publikoan ere. ELAk ahal duen guztia egingo du aldarrikapen hauek lortu arte greba eta mobilizazio dinamika indartzeko. Borrokan jarraituko dugu hitzarmen onak lortu arte.

 

Urtarrilaren 30ean greba Nafarroako irakaskuntza publikoan

Nafarroako Hezkuntza Publikoan ere greba eta mobilizazio dinamika abian da. Ikasturte honetan bi greba egun egin dira, azkena urriaren 29an. ELAk oso positibotzat jo du deialdi horiek izan duten jarraipena. Eta puntu garrantzitsu bat dago. Grebaren bigarren egunaren jarraipena are zabalagoa izan zen. Horrek argi uzten du langileen haserrea. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak azaroaren 27an aurkeztu zuen bere azken proposamena. Dokumentu horrek, zoritxarrez, ez ditu inolaz ere sektorean lan egiten dutenen aldarrikapenak asetzen, eta ez die greben arrazoiei erantzuten. Horregatik, eta benetako edukiak jasotzen dituen akordioa egon arte, ELAk borrokan jarraituko du. Horren froga da urtarrilaren 30erako greba deialdia, ikasturteko hirugarrena.