%36tik gorako soldata igoera jasotzen duen aurreakordioa sinatu du ELAk Bizkaiko Autoeskoletan
40 greba egunen ondoren, 12 urtez berritu gabe geneukan Lan Hitzarmena eguneratu eta hobetzen duten eduki garrantzitsuak dituen aurreakordioa sinatu genuen atzo. Aurreakordioa gaurko langile batzarrean berretsi dute grebalariek eta 400 langile baino gehiagori eragiten dio.
Azken greba egunek izan duten jarraipena eta grebalariek ibilbide honetan guztian erakutsi duten indarra ezinbestekoak izan dira APAVIk aurreakordioa sinatzea ahalbideratu duten edukiak mahai gainean jartzeko, eta ELAren erresistentzi kutxa ezinbesteko tresna izan da prozesu honetan. Aurreakordioa sektorean ordezkaritza duen CCOOek ere sinatu du, lehen hiru greba egunak soilik babestu zituen arren.
Sinatu dugun aurreakordioak %36ko soldata igoera bermatua aurreikusten du Hitzarmenak izango duen lau urteko indarraldian zehar ( 2021-2024 bitarte). 2021Erako %14ko soldata igoera ( 2010etik 2021era bitarte metatutako KPIa). 2022rako %6,4ko igoera (2021eko KPIa ) ; 2023rako, %8ko igoera eta 2022ko KPIa handiagoa izango balitz KPIaren igoera aplikatuko litzateke eta 2024 urtean %4ko igoera adostu dugu, 2023ko KPI + %1 handiagoa balitz, 2023ko KPI + %1eko igoera aplikatuz.
Soldata igoera hauekin, kategoria guztietan soldataren erregularizazio eta igoera garrantzitsu bat lortzeaz gain, soldata prekarioenak dituzten eta emakume gehien biltzen dituzten kategorientzako gutxieneko 1.200 euroko soldata bermatzen da.
Soldata igoera garrantzitsu honetaz gain, langile guztien lan baldintzak eta bereziki egoera prekarioenean daudenenak hobetzen dituzten hainbat eduki esanguratsu ere adostu ditugu:
Hitzarmenetik kategoria baxuena desagertzen da (ikastuna) eta administrari laguntzaile kategoriatik ofizial kategoriara 3 urteko epean igotzeko eskubidea jaso da titulazioa duten langileentzat.
Lanaldi hobekuntzak kolektibo feminizatu eta prekarionentzat. Irakasle ez diren kolektiboentzat genero arteko aldea murrizteko asteko lanaldia 40 ordutik 38 ordura murriztu da, gabon eta pasku asteko egunetan ordu bete lehenago lana amaitzeko aukerarekin batera.
Ordutegiak arrazionalizatzea: Ordutegi marko orokorra gaueko 21.00ak arte izan beharrean 20.00ak arte izatea eta asteko lanaldia Astelehenetik Ostiralera izatea ezarri da.
Gaixotasun bajak: Bajaren arrazoia lanekoa edo orokorra izan 100%eko soldata jasoko dute langileek lehen 5 hilabetetan;
Oporrak: Astelehenetik Ostiralera zenbatuta, 23 lan eguneko gutxieneko oporraldia adostu da. Baita, aurreko 12 hilabetetan hilero jasotako plusen batazbestekoa opor hilabetean jasotzeko eskubidea jaso ere.
ELAk, sinatutako akordioaren oso balorazio positiboa egiten du, 12 urtez hilda egon den Hitzarmen bat berpiztea eta egoera prekarioenean dauden langileen baldintzak hobetzea lortu baita. Grebalariei zorionik beroenak eman nahi dizkio sindikatuak.