Aldundiek fiskalitateari buruzko eztabaidari muzin egin nahi diotela salatu du ELAk
Bere ustez, Ogasun Sailburuaren jarrera eta Foru Aldundiek agertzen dutena kontrajarria da. Novalek berak gogora ekarri duenez, aste honetan bertan Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeria Londresen egon da hainbat enpresabururekin batera, Bizkaia eta orohar EAE paradisu fiskal gisa irudikatzeko xedearekin, alegia, gurean enpresek ezer gutxi ordaindu behar dutela irudikatzen, goxokia balitz bezala.
Novalen iritziz erabat onartezina da jarrera hau.
Patronala pozik egongo da Foru Aldundien politika fiskalarekin. Izan ere, kontuan hartu behar da EAEn Sozietateen Gaineko Zergaren presio fiskala Europar Batasuneko baxuena dela (BPGaren %1,5; EBko bataz bestekoa, ordea, %2,5). Hau da, europako bataz bestekora iristeko, urtean ia 700 milioi euro gehiago bildu beharko lirateke gurean, beste modu batera esanda, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentara bideratzen den diru kopuru osoaren ia bikoitza.
ELAk jakin badaki Aldundiek erreforma fiskal berri baten gaineko eztabaidari atea itxi nahi diotela, betiere, Eusko Jaurlaritzari eta gizarteari erreparatu gabe. Aldundiak, gaur egun, lobby hutsak dira, patronalaren alde lerrokatutako lobbyak, hain zuzen ere. Horrek guztiz zailtzen du babes sozialeko sistema eraginkorra izatea.
Aurreko guztia dela eta, Mikel Novalek argi dio: “Azpiasuk ireki duen atea aprobetxatu beharra dago, EAEk behar duen zerga-ereduari buruzko eztabaidari heltzeko, eta, noski, erreforma horrek ezinbestean bildu beharko du zergen gaineko erabakiak Eusko Legebiltzarrean hartzea, ez ordea lurralde bakoitzean”.