Angel Toña, sailburu berriak bere egiten ditu Jaurlaritzaren murrizketa-politikak

2015/02/23
Joan den asteazkenean otsailak 18 izandako bileran, ELAren eta Toña sailburu berriaren artean, argi geratu da gobernuak ez duela batere asmorik orain arte aplikatu izan dituen doikuntza-politikak aldatzeko.

Bileraren beraren aukeraz baliaturik ELAk gobernuaren politikaz duen ikuspegia azaldu diogu, aurreko sailburu Aburto jaunarekin egin ohi genuen bezala. Hori dela-eta, gai hauek guztiak errepasatu ziren: gobernua eroso sentitzea doikuntza-politikak aplikatzean; zerga-politika aldatzeko erabateko ezetza; negoziazio kolektiborik eza gobernua erantzule bakarra den esparruetan (euskal sektore publikoa); Confebask-en alde agertzea elkargo horren asmo guztiekiko (ez zaio eskatu aurkezteko Madrili bidalitako dokumentua, non ELAri eta LABi sindikatu-izaera kentzeko erreklamatzen zen); Lopezen gobernuak egin zuen bezala, edukirik gabeko elkarrizketa sozialaren mahai baten aldeko apustua egitea gutxiengo sindikalarekin... ELAtik adierazi diogu sailburu berriari gobernuaren politikaren ildo nagusiak finkaturik daudela, eta ez dugula antzematen inongo gogorik ildo horietako bat ere aldatzeko; alderantziz, norabide beretik jarraituko dutela berretsi dute.

ELAren aldetik azpimarratu diogu oraingo zerga-politika onartezina dela, eta zerga-akordioak, PNVren, PSE-Eeren eta PPren artekoak, erabat hutsalak izan direla diru-bilketaren emaitzari dagokionez. 2014. urtean sumatu den diru-bilketaren igoera, gobernuak aldarrikatu duena, Montorok (PP) egin zuen BEZaren erreforma bidegabeagatik izan da. Fiskalitateaz baliatzeari uko egiten dion gobernu batek, Urkulluren gobernuak egin dion bezala, uko egiten dio politika bidezkoago bat egiteari, Euskal Herrian ere ugaltzen diren desberdintasunak geldiarazteko politika egiteari.

Sailburuak esan du, ELAko ordezkarien aurrean, bere egiten dituela gobernuaren politikak.

Bestalde, ELAtik azaldu diogu sailburuari haren aurrekoarekin akordio partzialak egiteko aukerak haztatu genituela, besteak beste, prestakuntzaz eta lan-osasunaz; baina saiakerak alferrik izan zirela. Gure ustez porrotaren arrazoiak izan ziren, batetik, gobernuaren erabakia aipaturiko mahaia abiarazteko, eta, bestetik, gobernuak gehiengo sindikalari jarritako baldintza, ELArentzat behintzat erabat onartezina, alegia, arlo sindikalean eta sozialean ere demokraziaren joko-arauak Urkulluren gobernuak berak arbuiatzen dituenak errespetatzeko jarritako baldintza: gehiengo sindikalak CCOO eta UGTren eginkizun bera jokatu behar zuen, gobernuari babesa ematen.

Bide batez, ELA bileraz baliatu da LANBIDEren gatazkaren berri eta iritzia sailburuari emateko, eta konponbide bat bilatzen laguntzeko eskatu diogu. Halaber, orain dela zenbait hilabete gure sindikatuak Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu zuen LHEz ere hitz egiteko aukera izan dugu.

ELAREN BATZORDE ERAGILEA