Argiaren prezioa 180 eurotik behera mugatu behar da Mwh bakoitzeko

2022/03/18
Argiaren prezioa 180 eurotik behera mugatu behar da Mwh bakoitzeko
Beharrezkoa da elektrizitatearen eta erregaien prezioa sozialki onargarriak diren balioetara murriztea, eta, horrekin batera, beste neurri batzuk hartu behar dira, hala nola prezioak finkatzeko sistema aldatzea.

Txosten osoa irakurri

ELAren ustez, ez da nahikoa Espainiako Gobernuak argiaren prezioa 180/MWh-ra mugatzeko egindako iragarpena. Gogora dezagun 2020an kilowatio prezioa 40 euro ingurukoa zela, Sanchezen gobernuak proposatutako muga baino 4,5 aldiz txikiagoa. Zalantzarik gabe, tarte handia dago prezioa askoz gehiago jaisteko. Borondate politikoa da kontua.

Aipatzekoa da elektrizitatearen eta erregaiaren prezioek goranzko joera dutela orain dela hilabete askotik, eta erakundeek ez dutela inolako erantzunik eman. Gobernuek arlo horretan ez jarduteak ekarri du merkatuaren esku uztea oinarrizko eskubide unibertsala izan beharko lukeena; eta horren ondorioz, korporazio handientzat aparteko mozkinak izan dira. Horregatik, ELAk exijitzen du neurriak berehala hartu behar direla, estatuaz gaindiko organoek erabakitzen dutenaren zain egon gabe, zeintzuen helburu bakarra kapitalaren interesak defendatzea den.

Adierazitakoaren adibide da gure lurraldeko botere ekonomikoaren eta politikoaren arteko sintonia ona eta bat etortzea. Aste honetan bertan ikusi dugu Urkullu lehendakaria eta Sanchez Galan Lehendakaritzan, egungo testuinguruan, non Iberdrolak mozkin errekorrak lortu ditu (3.884 milioi 2021ean, aurreko urtean baino %7,6 gehiago), herritarrak txirotzearen kontura.

Egoera horren aurrean, ELAk berehalako eragina duten neurri hauek exijitzen ditu:

  • Produktu energetiko guztien prezioen kontrola. Beharrezkoa da elektrizitatearen edo erregaien prezioa sozialki onargarriak diren balioetan topatzea.

  • Sektore energetikoa kontrol sozialarekin publifikatzea.

  • Elektrizitatearen prezioa finkatzeko sistema aldatzea. Energia guztia iturri garestienaren prezioaren arabera ordain ez dadin.

  • Langileen erosteko ahalmena bermatzea. Energiaren kostuak are gehiago pobretu ez dezan langile klasea.

  • Berehalako neurri horiekin batera, ELAk beharrezkotzat jo du beste neurri batzuei ekitea, orain azaleratzen ari diren faktore askoren atzean dagoen eredu ekonomiko eta soziala aldatzeak dakarren erronka sistemikoari erantzuteko. Ildo horretan, hainbat proposamen egin dira, hala nola sozialki eta ekologikoki beharrezkoa den hedapena duten sektoreetara bideratutako inbertsio publikoa nabarmen handitzea (hala nola zaintza-sistema publiko, unibertsal eta doakoa, edo osasun edo hezkuntzako inbertsio publikoa Europako batez bestekoarekin parekatzea); kapitalak eta enpresek beren etekinengatik ordaintzen dituzten zergak nabarmen handituko dituen erreforma fiskala; edo zor publikoaren auditoria herritarra.

Neurri guztiak ELAk aurkeztutako 'Bidezko irteera baten alde' txostenean daude garatuta, hemen eskuragarri dagoena edo mezu honi erantsitako dokumentuan.