Arkema multinazionalak iragarri du Alonsotegiko bere lantegia itxiko duela

2014/09/10
Joan den astearte goizean Alonsotegiko Arkemako zuzendaritzak enpresa-batzordea bildu zuen iragartzeko multinazional britainiarrak lantegia ixteko asmoa duela. Enpresa honetan 60 bat langilek dihardu zuzenean, eta beste hainbeste zeharkako enplegu ere badira bere inguruan.

Arkema duela 50 urtetik gora ari da lanean, hainbat jabe eta multinazionalen esku izan delarik; oraingo honek 2004an eskuratu zuen.

Enpresa honetan 60 bat langilek dihardu zuzenean, eta beste hainbeste zeharkako enplegu ere badira bere inguruan.

Zuzendaritzak itxiera azaltzeko eman duen azalpen lehor eta onartezina da lantegi hau merkatuan ez dela errentagarria, AEBetako eta Txinako lehiaren ondorioz.

Langileek jaso duten zartada gogor eta bidegabea gorabehera, argi daukate enpresa oraindik bideragarria dela, eta erabakiarekin ez dutela etsiko. Horregatik, lanpostu guztiak mantentzearen aldeko borrokari ekingo diote.

ELAk salatu duenez, multinazionalaren helburu bakarra bere etekinak areagotzea da; bost axola dio oraindik errentagarria den enpresa batean lan egiten duen hainbat familiaren patua.

Erabakiak ez die soilik beharginei eragingo. Kadagua eskualdeko beste pertsona askoren kalterako litzateke, hots, krisi honetan oso zigortua izan den eskualde honetan, Euskal Herriko langabezia mailarik handienetakoa duelarik; horregatik, herri-erakundeen inplikazioa ezinbestekoa izango da arazoari aurre egiteko.

Eskualdeko biztanleek, langileok eta instituzioek ezin diogu multinazional honi ametitu ixteko erabakia gauza dezan, horrek inguruko eta Euskal Herriko sare industriala suntsitzen lagunduko bailuke.

Datozen egunetan Arkemako plantillak mobilizazioak egiten hasiko da jarduera eta Alonsotegiko lantegiko enplegua manten dadila galdatzeko.