Arkemako langileak patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira

2014/10/31
Arkemako langileak patronalaren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira
Arkemako langileek elkarretaratze bat egingo dute gaur goizean Bilbon patronalaren egoitza aurrean lantegiaren itxiera salatzeko. Gogoratu multinazional frantsesak joan den irailaren 17an aurkeztu zuen EEEa erretiratu behar izan duela, Lan Delegaritzak txostena ez baitu onartu.

Arkemak Zaramillon duen lantegiko enpresa-batzordeak positibotzat jotzen du Lan Delegaritzak txostena ez onartzea, multinazional frantsesak joan den irailaren 17an aurkeztu zuen EEEa erretiratu egin baitu.

ELA da komitean ordezkatuta dagoen sindikatu bakarra, eta banan-bana gezurtatu ditu enpresak itxiera zuritzeko eman dituen argudioak; itxiz gero, kalean geratuko lirateke zuzeneko 59 behargin eta zeharkako beste 20.

EEE hau bertan behera uzteko hainbat arrazoi izan du abokatu-bufete ospetsuek lagundutako enpresak: Batetik, ELAk salatu dituen irregulartasun larriak, zeinek adierazten duten prozedura hau ezdeusa izan beharko litzatekeela; langileeen borroka, honez gero 35 egun iraun duen greban baitira, eta azkenik, aurkeztu dugun taxuzko plan industriala.

ELAren ustez gudu honetan garaipena lortu da; sindikatuak aurrez ohartarazi zuen multinazionala Zaramilloko lantegia ixteko eginda zeukan planari atalak falta zitzaizkiola. Haatik, Arkemak iragarri du dagoeneko EEE hau erretiratu eta laster beste bat aurkeztuko duela. Beraz, argi dago fede txarrez ari dela negoziatzen.

ELAk hasieratik bertatik jarri ditu lanean bere zerbitzu juridikoa eta kabinete teknikoa, eta enpresa-batzordearekin batera proiektu serio bat aurkeztu du, produkzio datu errealekin eta balantze zein ustiapen-kontu positiboarekin. Proposatutako planaren arabera Zaramilloko enplegua mantenduko litzateke, eta agerian geratzen da borondatea izanez gero itxiera ez dela derrigorrezkoa.

ELAk dei egiten die herri-administrazioei plan alternatibo hau aintzat hartu eta eragindako 90 pertsonen lanpostua salbatzeko ahaleginarekin bat egin dezatela. Batez ere Industria saila interpelatu nahi dugu; duela astebete eta gehiago erantzunik gabe utzi du gure bilera eskaera.

Arkemako beharginak ez dira geldirik egongo, mobilizazioa funtsezkoa baita lanpostuei eusteko; horregatik, mobilizazio egutegia mantenduko du: enpleguaren aldeko borroka honek luze joko du.