EHU

Auzitegi Gorenak ELAk irabazitako epaia berretsi, eta EHU zigortu du irakasle ikertzaileak soldatetan diskriminatzeagatik

2024/03/27
Unibertsitateak zuzenean kontratatutako irakasle/ikertzaileek 7.000 euro gehiago jasotzen zuten urtean laguntza publikoekin kontratatutakoek baino. Sententziarekin soldata alde hori eskatzeko aukera zabaldu da, eta agerian uzten du ikerlarien egoera prekarioa.

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak berriro eman dio arrazoia ELAri, eta berretsi egin du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia: UPV/EHU zigortu du beka publikoen bidez kontratatutako irakasle ikertzaileak soldatetan diskriminatzeagatik, zuzenean kontratatutako ikertzaileek baino 7.000 euro gutxiago jasotzen zutelako urtean.

 ELAk auzitegietan salatu zuen Eusko Jaurlaritzaren laguntza publikoekin eta Estatuko Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programekin kontratatutako doktoretza-ondoko irakasle/ikertzaileek soldata diskriminazioa jasaten zutela. ELAk uste du UPV/EHUk kontratatutako doktore ikertzaile guztiek, bai laguntza publikoen bidez, bai zuzenean, soldata bera jaso behar dutela, antzeko lana egiten duelako. Eta hala berretsi du baita Auzitegi Gorenak ere.

Izan ere, beken bidez kontratatutakoek 28.000 euroko soldata zuten urtean, eta unibertsitateak zuzenean kontratatutakoek, berriz, 35.000 eurokoa. Auzitegi Gorenaren epaiak dio “ordainsari-berdintasunerako eskubidea” urratu dela, eta beharrezkotzat jo ditu "tratu-berdintasuna eta diskriminazio eza".

Epaiak 75 laguni eragiten die, zehazki 2019-2020 ikasturtean Eusko Jaurlaritzak eta Estatuko Ramon y Cajal eta Juan de la Cierva programek finantzatutako ikertzaile doktoreak hobetzeko doktoretza ondoko programaren laguntza publikoak jasotakoei. Epaiak aukera zabaltzen du soldata alde horiek erreklamatzeko.

Zoritxarrez, epai hori ezin zaie aplikatu 2022. urtearen ondorengo programa horien bidez kontratatutako ikertzaileei. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren ondoren, UPV/EHUk, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuen onespenarekin eta sinadurarekin, hitzarmena aldatu zuen kolektibo horren soldata mugatzeko, eta urteko soldata 3.800ean jaitsi zuten, epaiak berak aitortzen zuena baino txikiagoa ezarriz.

Epai horrek agerian uzten du, berriz ere, UPV/EHUko zenbait kolektiboren diskriminazioa eta prekarizazioa. ELAren ustez, premiazkoa da ikasturte honetan hainbat greba egin dituzten UPV/EHUko irakasle ikertzaileen lan baldintzak negoziatzea, haien baldintzak duintzeko.