Azpikontratetan lan baldintzak hobetzeko Herri Ekimenaren alde mobilizatzen jarraituko du ELAk
Hain zuzen, herri ekimen honen nondik norakoak aztertzeko ELAk agerraldi publikoa egin du gaur goizean. Bertan idazkari nagusia –Adolfo Muñoz, Txiki– eta negoziazio kolektiboko arduraduna –Joseba Villarreak– izan dira. Muñozek duela bi urte azpikontratetako langileen lan baldintza hobetzeko ELAk Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herritar Legegintza-Ekimenak jasan duen errespetu eza salatu du. “Azpikontratetan egiten ari diren doikuntza eta murrizketak Eusko Jaurlaritzak egiten dituen murrizketa isilen parte dira”.
ELAren esanetan Herri Ekimenaren aurka Eusko Legebiltzarrean erabilitako argudioak lotsagarriak izan ziren."Ekimenaren bultzatzailea deskalifikatzen saiatzen ari diren taldeek ez dute nahi inork agerian uzterik euren jarrera, hau da, patronalaren eta murrizketen alde duten jarrera lotsagarria”.
ELAk Ekimen bidez subrogazio-eskubidea eskatzen dugu (hau da, langileak bere lanpostuan eta baldintzetan jarraitzea, nahiz eta enpresa azpikontratatuaz aldatu), lantokitik hurbilen dagoen hitzarmena aplikatzea (hau da, hemengo hitzarmenak aplikatzea), eta puntu horiek betetzen ez dituenari zigorra ezartzea, zerbitzu azpikontratatua kentzea ere barne.