Baliabide eta neurri errealik ezean, euskal eskola publikoa herren dagoela oroitarazi du ELAk

2021/10/28
ELAk bere atxekimendua adierazten dio Azaroak 6an egingo den “Euskal Eskola Publikoaz Harro” manifestazioaren deialdiari eta afiliatuei dei egiten die bertan parte hartu dezaten. Izan ere, ELAK bat egiten du gure eskola publikoa sostengatzen duten langile eta profesionalen gaineko harrotasuna adieraztean. Honetaz haratago, eskola publikoak baliabide eta neurri eraginkorrak behar ditu. Eta ELAk ezinbestekotzat jotzen du horiek bermatzeko ardura duen Eusko Jaurlaritzaren interpelazioa zein horretarako mobilizazioa erdigunean jartzea.

Irizpide ekonomizista, zentralista eta kapitalistek gidatutako hezkuntza politika hauen ondorioak lazgarriak dira eskola publikoarentzat. Horrela:

  • Ikasleen segregazio arazo nabaria daukagu; jatorri edo maila sozioekonomiko desberdinek eragindako jatorrizko desberdintasunak mantendu eta askotan areagotzen dituelarik gure hezkuntza sistemaren egungo antolakuntzak

  • Euskalduntzearekin ere arazo larria daukagu. Egungo gure hizkuntza politikak eskoletan ere gabezia ugari ditu.

  • Langileen lan baldintza onak bermatu beharrean, azken urteetan murrizketak eta langileen behin behinekotasuna dira nagusi

  • Behar bereziak dituzten ikasleei dagokionez, ez dago ez baliabide ez plantila nahikorik ikasle hauek behar duten arreta eta hezkuntza prozesua bermatzeko.

  • Gure hezkuntza sistemaren gaineko Estatuko injerentziak kontsolidatzen eta areagotzen ari dira. LOMCE eta LOMLOE, estatuko aurrekontuetan onartzen diren soldata edo erreposizio tasak edo irakasleen zein gainerako langileen hautatze sistema honen erakusle argiak dira.

Egoera honetan, eta hezkuntza ereduaren eztabaida pil-pilean dagoen testuinguru honetan, ELAk ezinbestekotzat jotzen du:

  • Gure eskola publiko propioa zein gure eskola publikoak dituen gabeziak salatzea eta behar dituen baliabide, inbertsio eta neurrien aldarrikapena gauzatzea.

  • Baliabide eta neurri horiek bermatzeko ardura daukan Eusko Jaurlaritzaren interpelazio erdigunean jartzea.

  • Baliabide eta neurri horiek lortzeko beharrezko mobilizazioaren aktibazio erreala eta eraginkorra lantzea.

Aktibazio eta mobilizazio lan horietan dabil ELA azken hamarkadetan, aipatutako eskariak lortzeko helburuz. Izan ere, Sindikatuaren ustez, mobilizazioek euskal eskola publikoak behar dituen baliabide eta neurri zehatzak aldarrikatzeko eta lortzeko balio behar dute.