Beste bost greba egun Aita Mennin hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko
Gero eta larriagoa da langileek bizi duten egoera. Zuzendaritzak ospitaleko unitate batzuetako postuak ez dituela beteko adierazi die langileei, senide eta pazienteak aintzat hartu gabe. Langileen lan kargak gero eta handiagoak dira, baina bitartean 30 milioi euro inbertitu dituzte inbertsio eta eraikin berrietan.
Enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko azken bilera martxoan izan da eta ordutik enpresak ez du proposamen berririk egin. Are gehiago, azken hilabeteotan langileekin bilerak egiten aritu da enpresa, gatazka desaktibatzeko helburuarekin, enpresa batzordearen legitimazioa kontuan hartu gabe. Langileen ordezkariak Lan Harremanen Kontseilura ere deituko dituztela adierazi dute medioetan eta langileen artean, baina enpresa batzordeko kideei ez diete ezer esan.
ELAk enpresaren zuzendaritza urte hauetan guztietan hartzen ari den jarrera irmoki salatu nahi du. Onartezina da Gipuzkoako osasun mentalean hain ezinbestekoa den eta diru publikoarekin finantziatzen den zentro hauetan langileen egoera horrelakoa izatea. Eusko Jaularitzako Osasun Sailarekin eta EAEko Aldundiekin kontzertazioak ditu Aita Mennik, baina instituzioek entzungor egiten diote gatazkari.
ELAk zuzendaritzari eta gatazka honetan erantzukizuna duten instituzioei behingoz arduraz jokatzeko eskatzen die, eta gatazka honi benetako irtenbidea emateko urratsak egin ditzaten. ELAk beti izango du borondatea negoziatzeko eta enpresari benetako edukiak mahai gainean jar ditzan eskatu nahi dio, beste behin ere.
Bitartean, hitzarmen duin baten alde eta zerbitzuaren baldintzen hobekuntzarako borrokan jarraituko du ELAk. Horregatik jarraituko dute greban.