Bizitzak hobetu, gehiengoak irabazi, burujabetza eraiki
Azken hilabetean, Bilbon egindako Forum Subiranistaren eskolan eta Parisen izandako Nazioarteko unibertsitate sindikalean, burujabetzaren eraikuntzaren eta borroka sindikal eta sozialaren arteko harremanez, eta ezkerretik urrun dauden langileak sindikalizatu eta politizatzearen garrantziaz aritu ginen, urrenez urren, Unai Oñederra eta biok. Bi espazio desberdinetan egindako hitzaldietan elkar elikatzen eta osatzen duten ideiak jarri genituen erdigunean: lan eta bizi-baldintzak hobetzea ezinbesteko baldintza dela herritar xumeak politizatzeko eta burujabetza sozial eta politikorako gehiengoak irabazteko eta hori dela, besteak beste, bizi dugun testuinguru kezkagarri honetan, faxismoari eta eskuin muturraren gorakadari aurre egiteko biderik garrantzitsuenetako bat.
Izan ere, Euskal Herrian, Europan eta Ipar Global osoan, azken urteetan, prekarizazioa hedatu da, soldatak ez dira bizi-kostuaren erritmo berean hazi, etxebizitza eskubidea gero eta urrunago dago eta zerbitzu publikoek presio gero eta handiagoa jasaten dute. Egoera horrek ez du soilik pobretze materiala eragiten; ezkerrak politika horiek konfrontatu eta alternatiba errealik bultzatzen ez duen heinean, ziurgabetasuna, beldurra eta despolitizazioa ere elikatzen ditu. Horregatik, ezinbestekoa da borroka sindikal eta soziala estrategia politiko zabalago baten barruan kokatzea, eguneroko bizitzatik abiatuta herritarren botere kolektiboa eraikitzeko.
Langileok subjektu aktibo
Forum subiranistan, azpimarratu genuen, burujabetzaren eraikuntza ez dela helburu abstraktu edo instituzional hutsa. Aitzitik, borroka sindikal eta sozialarekin estuki lotutako prozesua dela nabarmendu genuen, eguneroko lan-harremanetatik eta bizi-baldintzetatik abiatzen dena. Burujabetza sozial eta politikoa ezin da eraiki herritarren oinarrizko beharrei erantzuteko gaitasunik gabe: soldata duinak, lan-baldintza egokiak, lanaldiaren murrizketa, zaintza-sistema publiko sendoak eta zerbitzu publiko unibertsalak behar dira.
Horrenbestez, borroka sindikala ez da soilik eskubideak defendatzeko tresna; botere-harremanak aldatzeko espazio pribilegiatua da. Langileok kolektiboki antolatzen garenean, gure indarra ikusten dugu, subjektu aktibo bihurtzen gara eta kontzientzia politikoa garatzen dugu. Horrela ulertuta, lan-munduko borrokak ez dira borroka sektorial hutsak: herri-proiektu baten oinarriak dira. Burujabetza, beraz, ez da etorkizuneko promesa urrun bat, baizik eta hemen eta orain lantzen den prozesua; lan-hitzarmenetan, mobilizazioetan eta antolakuntza kolektiboan ere gauzatzen dena.
Nazioarteko unibertsitate sindikalean, Unai Oñederrak botere kolektibo hori artikulatzeko eta indar-harreman politiko eta soziala irabazteko funtsezko elementu bati jarri zion arreta: ezkerretik urrun dauden langileak nola sindikalizatu eta politizatu. Izan ere, despolitizazioa ez da neutrala; sistema ekonomiko eta politikoak berak elikatzen du, langileen arazoak banakako porrot gisa aurkeztuz eta erantzun kolektiboak ikusezin bihurtuz.
Politizatzea, aldiz, ez da ideologia jakin bat inposatzea, baizik eta langileek ulertzea, soldata baxuak, lan-segurtasunik eza edo etxebizitza arazoak ez direla arazo pertsonalak, egitura ekonomiko eta politiko baten ondorio zuzena baizik. Horretarako, sindikatuak funtsezko espazio gisa aurkeztu genituen: bertan arazoak partekatu, antolatu eta borroka kolektibo bihurtzen direlako.
Greba, mobilizazioa edo lan-zentroko antolakuntza esperientzia politiko bihurtzen dira, langileek beren gaitasun kolektiboa praktikan ikusten dutenean. Esperientzia horiek dira, hain zuzen ere, ezkerretik urrun dauden pertsonak hurbiltzeko giltza: politikak eguneroko bizitza hobetzen duela frogatzen duenean, politikak zentzua hartzen du.
Bi hitzartzeek ELArentzat funtsezkoa den ideia komun bat berretsi zuten: lan eta bizi-baldintzak hobetzea ez dela borroka eremu mugatu edo partziala, langile klasea eta herritar xumeak aktibatu, antolatu eta eraldaketa politiko eta soziala bultzatu eta burujabetza irabazteko estrategia eraginkorra baizik. Herritar xumeen bizi-baldintzak hobetzen direnean, konfiantza sortzen da; konfiantza horrek antolakuntza elikatzen du, eta antolakuntzak botere kolektiboa eraikitzen du. Hori da gehiengo sozialak irabazteko bidea.
Euskal Herrian, gainera, borroka horrek dimentsio propioa du. 'Hemen lan egin, hemen erabaki' aldarrikapenak lan-harremanen esparru propioak eraikitzearen garrantzia azpimarratzen du. Lan-baldintzak hemen erabakitzea ez da aldarrikapen tekniko hutsa; burujabetza sozial eta politikorako urrats erabakigarria da. Horregatik, lan-hitzarmen propioak, gutxieneko soldata propioa edo politika publikoak hemen erabakitzea funtsezkoak dira herri gisa aurrera egiteko.
Martxoak 17, greba orokorra!
Testuinguru honetan kokatzen da, hain zuzen ere, martxoaren 17rako deitutako greba orokorra. Greba hau ez da mobilizazio isolatu bat, ezta aldarrikapen-zerrenda huts bat ere. Grebak paradigma oso bat jartzen du mahai gainean: Euskal Herrian 1.500 euroko lanbidearteko gutxieneko soldata erabakitzea, eta lan- eta bizi-baldintzak hemen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea.
Aldarrikapen horrek argi erakusten du lan-borrokak eta burujabetza-proiektuak elkar elikatzen duten txanpon beraren bi aldeak direla. Gutxieneko soldata duina ez da soilik diru-kopuru bat; bizitza duina bermatzeko tresna da, eta, aldi berean, herritarrek beren bizitza hobetzen duten oinarrizko tresnen gainean erabakitzeko duten gaitasunaren adierazpena.
Martxoaren 17ko grebak erakusten du lan- eta bizi-baldintzak hobetzea, herritar xumeak politizatzea eta burujabetza sozial eta politikorako gehiengoak irabaztea ez direla helburu bereiziak, baizik eta prozesu beraren dimentsio desberdinak. Greba orokorra prozesu horren adierazle bikaina da: bizitzak hobetu, gehiengoak irabazi eta burujabetza eraikitzen duen prozesu baten paradigma.