Bizkaiko Aldundiak bere gaitasun eza ezkutatu nahi du ardura azpikontratatutako langileei egotziaz

2016/11/23
ELAk ohartarazi du Aldundiak ezkutatu egin nahi duela bere gaitasun eza dela Bizkaiko Hondakinen II. Plana bete ez izanaren arrazoia, eta horretarako TMB Arraizeko langileei leporatzen diela errua. Duela gutxi Batzar Nagusietan izan zuten agerraldi batean Ingurumeneko diputatua den Elena Unzuetak eta Maria Presa batzarretako kideak (biak EAJkoak) onartu zuten Aldundiak ez dituela hondakinen kudeaketarako ezarrita zituen helburuak bete.

Halere, euren ardura saihestu egin nahi izan zuten, eta plana bete ez izana TMB Arraizen izandako grebari egotzi zioten; TMB Arraiz Bizkaiko Aldundiaren kontrata publiko bat da, eta bere plantilla betidanik oso baldintza txarretan azpikontratatuta dago. Hain zuzen ekintza sindikal jarraituak eta aurtengo grebak posible egin dute batez besteko soldata urtean 13.000 eurotik 26.000 euroraino gehitzea, lanaldia 1.780 ordutik 1.696 jaistea eta langile guztiak finko bilakatzea. Bizkaiko Aldundiak inposatu zituen hasierako baldintzak, espainiar hitzarmen baten aplikazioaren ondorio, izan ere kontrata merkatu nahi baitzuten, beharginen baldintzen kontura.

Halaber, Unzuetak eta Presak beren agerraldian esan zuten “ez hitzarmen berrian, ezta izan diren 23 batzarretan, ez direla segurtasun neurriak, ez prebentzio planak, ez garbitasuna [greba garaian sindikatuak gabezia hauek salatu zituen] aintzat hartu.

Lan osasuna batzarretan gai nagusietako bat izan da; lan segurtasun batzordeko kideak gehitu egin dira. Aldi baterako ezintasuneko (IT) osagarriak hobetu egin dira. Lan-erritmoak leuntzeko txanda batean lau langile jarri dira. Lan kontratuak %27tik %75ra gehitu dira, eta hainbat salaketa egin zaizkio Lan Ikuskaritzari, garbitasun eza, hautsa, etab. zirela eta; honek neurketa batzuk egitera derrigortu du (emaitzak ez dira artean ezagutzen).

Gainera, EAJko ordezkariek esan zuten greba bi hilabete lehenago amaitu zitekeela, eta jarraitzeak Hondakin Planaren helburuak lortzea galarazi zuela (ezkutatu egiten dute gutxieneko zerbitzuak egundokoak izan zirela -%50-, hau da, lanaren erdia egin izan dela). ELAk gogoratzen du apirilaren 4an hasi zen greba egin beharrik ez zela izango Aldundiak negoziazioari helbu balio eta langileen eskariak aintzat hartu izan balitu (azpikontratatuak izanagatik zerbitzu publiko bat egiten dute, eta ardura ez da azpikontratatzen). Gainera, greba luzatu izanak ere badu arrazoi bat: diputatuak ez du ELAko ordezkari sindikalekin batzarrik egin nahi izan.

Azkenik, esan beharra dago 2015ean Bizkaiko 19.000 tona hondakin zuzenean zabortegira joan zirela, eta TMBn prozesatu ziren hondakinen %5,6 besterik ez zela birziklatu; gainerakoa zabortegira edo Zabalgarbira eraman zen. ELAren iritziz, nabarmena da TMBn lan egiten duen pertsona kopurua eta lan-baldintzak funtsezkoak direla hura eragingarria izan dadin. Horregatik, Aldundiari eskatzen dio enplegu prekarioa ezarri ordez lan-baldintza hobeak izateko aukera eman dezala; honek, ziurrenik, emaitza hobeak lortzea eragingo luke.