Bizkaiko Aldundiak eta patronalek posizioa aldatu ezean erresidentzietako gatazka luzatu egingo da

2016/09/27
Bizkaiko Aldundiak eta patronalek posizioa aldatu ezean erresidentzietako gatazka luzatu egingo da
ELAren esanetan langile eskasia eta lan-baldintza kaskarrak estrukturalak dira zentroetan eta egoitzetan nekez egiten dira oinarrizko zerbitzuak. Foru Aldundiak, berriz, ez du ezer egin sektoreko lan-gatazka amai dadin; bere jokabidearekin sektoreko ugazabei babesa eman die, grebalariak kriminalizatu ditu eta gatazka gaiztotzea eragin du.

ELAk oso balorazio positiboa egiten du deitutako bi greba asteetatik lehenengo honek izan duen garapenaz; kontutan izan behar da urteko lehen seihilekoan ere beste 18 egunez egin genuela greba. Balorazioa grebaren jarraipenari eta langileek egindako mobilizazioei dagokie.

Grebak jarraipen handia izan du, gutxieneko zerbituzak %80raino gehitu diren arren; erabaki honen helburu bakarra gatazka indargabetu eta ezkutatzen saiatzea zen, horrela langile askori greba-eskubidea galarazten zaielarik. Esaterako, egoitza txiki askotan inork ezin du greba egin, ezta ELAko ordezkariek ere. Zentro handientan, non greba egiteko aukera badagoen, jarraipena oso handia da. Ekaineko greban bezala, Bizkaiko 30 erresidentzia handienetan greba egin ahal izan dutenen jarraipena erabatekoa izan da.

Gutxieneko zerbitzu hauek gorabehera, mobilizazioetan eta gizarteratzeko ekitaldiean langileen partaidetza oso handia da. Bestalde, erabiltzaileen senideek ere babesa eman digute hasieratik.

Patronalaren jarrera:

Hasteko salatu beharra dago 25 greba egun igarota, eta negoziazio-mahaia eratu zenetik urtebete joan delarik, sektoreko hiru patronalek (ELBE, LARES eta GESCA), sinestezina izan arren, ez dutela proposamenik luzatu. Patronalek beraiek bertan behera utzi zuten irailaren 23rako deituta zegoen bilera, mahaian aurkezteko proposamen bat adostu ezinik ibili baitziren.

Gure ustez, patronalari bost axola zaio egoitzetan bizi den egoera, eta oso eroso dago Bizkaiko Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ematen dioten babesarekin. Beren kezka nagusia plazen prezioa gehitzea da -hau Aldundiak laster berrikusiko du-, eta euren artean liskarrean ari dira, administrazioak finantzatutako plazak gehitzeko lehian, horrela beren etekin handiak puzten segi ahal izateko.

ELAk salatu du enpresetako zuzendaritzek langileen greba-eskubidea zapuzten ari direla, zentro batzutan gutxieneko zerbitzuak ez baitituzte betetzen, eta egoiliarren zuzeneko arreta alde batera uzten dutelarik, normaltasun itxura eman nahian. Gutxieneko zerbitzuetan diharduten langileak derrigortzen ari dira bigarren mailako lanak egitera -oheak egin, telefonoa hartu, dokumentazio-, parte- eta txosten-erregistroak, mahaia paratu-; horrela funtsezko zainketak baztertzen dira. Gizarte ekintzako diputatuak sinestarazi nahi izan duen arren, inongo kasutan langileek ez dute erabaki gutxieneko zerbitzuen agindua urratzea.

Honekiko Eusko Jaurlaritzaren jarrera ere salagarria da: patronalek eta Aldundiak esandako irizpideak zehatz-mehatz jarraitu ditu, eta gutxieneko zerbitzuak gehitu, langileen greba-eskubidea husteraino; haatik, ez du ezer egin greba-eskubidea urratu delako jarri diren 10 salaketak direla eta.

Bizkaiko Foru Aldundia: patronalari babesa eta langileen kriminalizazioa

Foru Aldundiak, berriz, ez du ezer egin sektoreko lan-gatazka amai dadin; bere jokabidearekin sektoreko ugazabei babesa eman die, grebalariak kriminalizatu ditu eta gatazka gaiztotzea eragin du.

Esan beharrekoa da Aldundiak sektorearen egungo egoeran ardura handia duela. ELAk aspaldidanik salatu izan du aurrekontu murriztuek lan-baldintzetan eta zerbitzuetan izan dituzten eraginak; hau zerbitzu publiko pribatizatu bat da, baina Aldundiak %70 finantzatzen du oraindik.

Gaur arte Gizarte Ekintzako diputatuak ez digu erantzun joan den urteko azaroan egindako bilera eskaria; ez du ere hitzik esan sindikatu honek plazaratutako txostenaz, zeinak agerian uzten duen egoitza azpikontratatuetako beharginek pairatzen duten diskriminazioa (soldatak %60 apalagoak ere izan daitezke) eta lan-baldintza okerragoak (urtean 106 ordu gehiago). Egoera honek egoitza horietako egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuari kalte egiten dio; izan ere, erabiltzaileen senideek sarri aipatu izan dute.

Zentroetako langile eskasia estrukturala da; nekez bermatzen dira oinarrizko zainketak; hau Aldundiak egindako txostenak ere nabarmendu du. Horregatik ezin da onartu egoeraren arduradun nagusiak greban dauden langileei arreta eskasa leporatu nahi izatea.

Egoera hau ez da inola ere konponduko langileak kriminalizatuta. Behingoz Aldundiak eta patronalek beren jarrera aldatu eta langileen eskariak aintzat hartu behar dituzte: plantillak gehitu, ratioak aldatu, lan-kargak arindu eta lan-baldintzak hobetu. Hala ez bada, lan-gatazka luzatu egingo da.