Bizkaiko autoeskoletako 40. greba egunak jarraipen zabala izan du

2022/04/25
Gaurkoa Bizkaiko Autoeskoletako langileen 40. greba eguna da, 12 urte berritu gabe daramatzan Lan Hitzarmenaren alde. Gaurko egunak ere jarraipen zabala izan du eta aste oso honetarako dago greba deitua. Gauzak horrela, ELA sindikatuak APAVI patronalari adostasunak erdiestea ahalbidetuko duen proposamena aurkeztea eskatu dio gaur izango den bilerarako.

Aste honetan gauzatzen ari den greba deialdia apirila hasieran egin zen publiko, zehazki apirilak 5ean. Ordutik, patronalak denbora nahikoa izan du adostasunera iristea ahalbidetuko duen proposamena lantzeko eta planteatzeko.

Gaur gaurkoz, ordea, akordioa posible egin dezaken proposamenik aurkeztu gabe jarraitzen du. ELAtik pasa den ostiralean helarazi zion beste proposamen bat, gatazka bideratu eta adostasunera iristea ahalbideratuko lukeena. Sindikatuak ez du oraindik erantzunik jaso.

Gaur eguerdian dago negoziazio bilera berri bat Lan Harremanen Kontseiluan. ELAk, gaurko bilerari begira, adostasuna lortzea posible egingo duen proposamena helarazteko deia egiten dio APAVI patronalari.