Bizkaiko erresidentzietako patronalaren proposamenak langileentzat bi urtean 6 euroko igoera ekarriko luke

2016/10/04
Bizkaiko erresidentzietako patronalaren proposamenak langileentzat bi urtean 6 euroko igoera ekarriko luke
ELAren esanetan 32 greba egun eta urtebeteko negoziazio saioen ostean egindako proposamena arduragabekeria eta errespetu falta da, beharginentzat ez ezik, baita gatazkak eragindako erabiltzaile eta senideentzat ere.

ELAren ustez gaur egoitzen sektoreko hiru patronalek (LARES, ELBE eta GESCA) negoziazio-mahaian jarri duten proposamena arduragabekeria eta errespetu falta da eragindako kolektiboentzat, sektorerako berebiziko garrantzia duten gaiak ez baititu aintzat hartzen.

Hiru patronalek egin duten proposamena gauzatuz gero 2016an erosteko ahalmena galduko litzateke, soldatak izoztea aurreikusten baitu, eta 2017rako %0,7ko igoera ekarriko luke -soldata bi urtean 6 euro ere ez litzateke hobetuko-, eta lanaldia bi orduz murriztea.

32 greba egun eta zazpi batzar egin ostean patronalak luzatu duen proposamen honek funtsezko gaiak alde batera uzten ditu, esaterako zentroetan zuzeneko arretarako langileak gehitzeak eskatuko lituzkeen ratio eta lan-kargak. Kontua da, gainera, patronalak berak egin duen txosten batean agerian geratzen dela pertsonal eskasia, baita horrek sektoreko erabiltzaileei eragiten dizkien kalteak ere.

Eskaintza patronala ikusita, ELAk jakin nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak horren berri izan ote duen, berarekin ados dagoen eta patronalei erabateko babesa emango ote dien aurrerantzean ere. Sindikatu honek galdegin dio Aldundiari behingoz grebalariak kriminalizatzeari utz diezaiola, zerbitzua ordaintzen duenez bere gain har dezala dagokion ardura eta saia dadila gatazkari irtenbide bat bilatzen.

Bilera honen ondoren ELAk delegatu eta langileak batzarretara deituko ditu, egin beharreko mobilizazioak erabakitzeko. Mobilizazioari eutsi egingo diogu langileen kolektiboak egin dituen eskariak gauzatu arte: 35 orduko lan-astea, taxuzko soldata igoera eta sektorea duintzeko ratio eta lan-kargen hobekuntza.