BIZKAIKO ETA ARABAKO METALA

“Bizkaiko eta Arabako metalgintzako jendeak sektoreko hitzarmen hobeak merezi ditu”

2026/01/30
“Bizkaiko eta Arabako metalgintzako jendeak sektoreko hitzarmen hobeak merezi ditu”
2026an Bizkaiko eta Arabako metalgintzako hitzarmenak berritu behar dira; ELAk hilabeteak daramatza bi plataformak lantzen eta borrokarako prestatzen

2026a oso urte garrantzitsua izango da Arabako eta Bizkaiko metalean lan egiten duten milaka pertsonentzat. Aurten bi lurraldeetako hitzarmen probintzialak berritu behar dira, eta ELAko metaleko ordezkariek hilabeteak daramatzate hitzarmen horien negoziazioa prestatzeko lanean.

Bizkaian, sektoreko hitzarmenaren negoziazio-batzordea azaroaren 26an eratu zen, ELAren ekimenez (sindikatu nagusia da, ordezkaritzaren % 40,66arekin). Horrek esan nahi du 0,61 puntuko igoera duela aurreko negoziazio-batzordearekin alderatuta. Hurrengo bilera 2026ko urtarrilaren 14an izan zen, eta aldeek euren plataformak aurkeztu zituzten.

Mikel Etxebarriak eta Arrate Elkorok, Bizkaiko metalaren arduradunek, sindikatuak negoziazioa prestatzeko aurretik egindako lana nabarmendu dute. “Ia urtebete daramagu antolatzen eta prestatzen. Orain arte egin ditugun batzarrak oso positiboak izan dira. Ehunka ordezkarik hartu dute parte, eta nabari da jendea gogotsu dagoela. Jendeak esku hartzen du, plataforma hobetzeko gauzak proposatzen ditu, inplikatu egiten da... Alde horretatik, uste dut pozik egon behar dugula”.

ELAk bere plataforma-proposamena eraman zuen urtarrilaren 14ko bilerara. Etxebarriak eta Elkorok sindikatuak defendatuko dituen alderdi nagusiak nabarmendu dituzte. “Soberako marjina dagoenez, Bizkaiko metaleko langileek sortzen duten aberastasunaren banaketa bidezkoagoa nahi dugu. Horretarako, soldata-igoera handiak proposatuko ditugu. Lanaldi murrizketaren gaia ere azpimarratu nahi dugu. Gainera, enpresetan edozein prekarietate modu ezabatu nahi dugu. Horretarako, besteak beste, kasu guztietan erabateko subrogazioa eta behin-behinekotasuna mugatzeko neurriak proposatzen ditugu”.

Baina, horrez gain, Bizkaiko metalaren arduradun horiek nabarmendu dute garrantzitsua dela plataforma adosteko garaian genero ikuspegia txertatzea. “Bistakoa da langile gehienak gizonak diren sektore baten aurrean gaudela. Horregatik, lan berezia egin dugu genero begirada txertatzeko. 2025eko apirilean eta urrian batzar esklusiboak egin genituen Bizkaiko metalean lan egiten duten emakume delegatuekin. Hilabete hauetako helburuetako bat gure plataforman sektore honetan lan egiten duten emakumeen interesak, lehentasunak eta aldarrikapenak txertatzea izan da. Aurreko negoziazioan ere egin genuen, baina oraingoan uste dut prozesu horrek are garrantzi handiagoa izan duela, eta, jakina, zentraltasun handiagoa emango diogu”.

Iraganetik ikasten

Jakina, goiz da Bizkaiko metalaren hitzarmenaren negoziazioak zelan garatuko diren jakiteko. Hala ere, Etxebarriak eta Elkorok garrantzitsutzat jo dute aurreko negoziazio prozesuan gertatu zena aztertzea eta ondorioak ateratzea. “Aurreko negoziazio prozesuan hamaika greba egun egin genituen sektorean. Bistakoa zen bazegoela askoz akordio hobea lortzeko giharra eta indarra, baina errealitatea da azkenean LABek, CCOOk eta UGTk gure ustez oso eduki eskasak jasotzen zituen akordioa sinatu zutela. Esango nuke gatazka behar bezalako oinarririk gabe itxi zutela. Gure jendeak oso ondo daki zer gertatu zen azken aldian, eta uste dut hori batzarretan nabaritu dela. Garbi daukagu zein den bidea: enpresetan antolatzea eta sektoreko hitzarmenaren alde borrokatzea. Patronalak ez baditu ematen gure ustez langileek merezi dituzten edukiak, gatazkarako prest egongo gara. Hori gure esku dago, eta munduko ilusio guztia dugu hori egiteko”.

Araba borrokan

Araban egoera antzekoa da, ñabardura batzuekin bada ere. Hitzarmena berritzeko negoziazioak urtarrilean hasiko dira, azken asteetan militantziarekin plataforma osatzeko hainbat dinamika egin ondoren. ELAk, sektorean gehiengoa duen sindikatuak, Arabako metalaren negoziazio-mahaia deitu zuen urtarrilaren 16rako.

Ion Martín-Aragonek eta Zuriñe Herrerosek, sektoreko ELAko arduradunek, sindikatuko militantziak hilabete hauetan negoziazioa prestatzeko egindako lana nabarmendu dute. “Arabako metaleko lehen sindikatua gara, % 48tik gorako ordezkaritzarekin. Uda amaitu zenetik buru-belarri ari gara lanean aurkeztuko dugun plataforman, eta oso pozik gaude prozesua garatzen ari den moduarekin. ELAren helburuak zehaztuta dauzkagu negoziazioan, eta gure afiliatuekin eta militanteekin partekatzeko prozesuan gaude. Araban ere lan propioa egin dugu plataforman genero ikuspegia txertatzeko, hori ezinbestekoa baita horrelako sektore maskulinizatuan. Oraindik amaitu gabe eta aktibo dagoen eta sindikatuarentzat funtsezkoa den prozesua da”.

Martín-Aragonek eta Herrerosek uste dute sektoreko ELAko jendeari ez zaiola ahaztu aurreko negoziazio prozesuan gertatutakoa. “Sektorean inoiz ikusi ez den greba eta mobilizazio dinamika egon zen, baina amaiera tristea izan zuen, txarra, CCOOk, UGTk eta LABek sinatu zuten eta Arabako metalean lan egiten dutenen beharrei urrutitik ere erantzuten ez zien akordioa dela-eta. Adostutako edukiak oso urriak izan ziren, eta gure jendea horren jakitun da”.

Gure jendeak badaki beste sindikatu batzuk askoz merkeagoak direla akordioak sinatzeko orduan. Horregatik ezinbestekoa da patronala eta sindikatu horiek presionatzea Arabako metalgintzako jendeak merezi eta behar dituen edukiak lortzeko. ELAn mobilizatzen eta enpresa bakoitzean lan egiten jarraituko dugu, presioa egiteko eta akordio on bat lortzeko”.