Bizkaiko metaleko patronalari enpresetan erantzun behar zaio
Gero eta harroago azken asteotan bere alde eman diren epaien ondorioz, patronalak erreforma laboralak eman dizkion pribilegioak defenditzen tematuta dago. Auzitegi Konstituzionala, PPko militante bat buru dela, gobernuaren erabakien morroi izango da, eta gobernua, berriz, patronalaren azpikontrata besterik ez da.
Egoera historiko honetan ELA erantzun egokia ematen ari da. 2012ko otsailetik hona enpresaz enpresa erreformaren gordintasuna azaldu dugu eta lortzen ari gara, prozesu geldiezin baten baitan, milaka metalgilek erreforma laborala indargabetzen duten hitzarmenak sinatzea.
ELAk harrituta ikusi du LAB, CCOO eta UGT langileei erreformaren azalpen okerra eginez, eta bata bestearen atzetik pikutara joan diren formulak asmatzen. Jarrera guztion ezaugarria bera zen, patronalari aurre ez egitea. Mugimendu sindikaleko beste kideei dei egiten diegu erreforma laboralaren aurkako borrokarekin bat egin dezatela, bi urteko atzerapenaz bada ere.
ELA lortzen ari da patronala erreforma laboralari setaz eusten ari den bitartean bere bazkide direnak enpresetan ez aplikatzeko akordioak egitea. Hori da jarraitu beharreko bidea.