CCOOek eta UGTk berriz ere kendu diote ELAri Lan Harremanen Kontseiluan dagokion ordezkaritza
Euskadiko Aldizkari Ofizialean lehendakariaren agindua argitaratu du adieraziz ELAri dagozkion Lan Harremanen Kontseiluko hiru ordezkarietatik bi CCOOri eta UGTri eman dizkiotela, ELAri legokiokeen finantziazioarekin batera. ELAk bilera horietan parte hartzeari uko egin izana bere askatasun sindikala gauzatzeko modua da, eta Jaurlaritzak zein CCOO eta UGT sindikatuek askatasun hori zapuztu dute.
Lan Harremanen Kontseilua sindikatuen eta patronalaren arteko elkarrizketa espazio gisa sortu zen. Kontseiluaren helburua EAEko gizarte guztiari aplikatuko zitzaizkion sindikatuen eta patronalen artean akordioak lortzea zen, eta hori, ELAren iritziz, Lan Harremanen Euskal Esparrua edukiz betetzeko aukera izan zitekeen. Kontseiluan patronalak 8 kide izendatzen ditu eta sindikatuek beste 8: horietatik 3 ELAri dagozkio, bere ordezkaritzaren arabera.
ELAk 2008an Lan Harremanen Kontseiluko bileretan parte hartzeari utzi zion. Erabaki hori hartu zuen Bizkaiko patronalak ELAko hainbat militante kartzelaratu nahi izan zituelako greba eskubidea gauzatzeagatik, Bizkaiko hormigoien eta harrobien hitzarmenaren bueltan. Ordurako Kontseiluak ez zuen inongo erabilgarritasunik langileentzat. Kontseiluko orduko presidenteak berak, Martin Auzmendik, aitortu zuen “Lan Harremanen Kontseiluak ez du inongo eraginkortasunik”. Kontseiluak orduan, eta ondoren ere, ez du balio izan sindikatu eta patronalen artean akordio esanguratsurik bideratzeko, bereziki patronalak uko egin diolako inongo akordiorik egiteari. Eremu horretako azken akordioa 1999koa da, aparteko orduen erabilera mugatzeari buruzko Lanbidearteko Akordioa.
Azken urteetan Confenbaski lanbidearteko akordioak egiteko hainbat proposamen luzatu dizkio euskal gehiengo sindikalak, euskararen normalizazioari buruzkoak edo prekaritateari aurre egiteko neurriekin. Patronalak ez ditu eztabaidatu ere egin nahi izan.
Beraz, hori guztia kontuan izanik, ELAren askatasun sindikal urraketa berri honek argiro erakusten du benetan organo honen baliagarritasuna zein den: Eusko Jaurlaritzaren politikak zuritu nahi ez duten eragileek ez dute tokirik.