MADRILEKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAKO MAHAIA
CCOOk eta UGTk funtzionarioen erretiro partzialari buruz eraginik ez duen akordioa sinatu dute

Madrilen ospatutako Administrazio Publikoen Mahai Orokorrean, Gobernuak ezagutzera eman du abenduaren 18an CCOOrekin eta UGTrekin sinatutako “akordio historikoa”, funtzionarioen eta estatutupeko langileen erretiro partzialari buruzkoa. ELAk salatu du akordio hutsala dela eta ez duela inolako eraginik izango. Izan ere, Gizarte Segurantzaren Legearen, Langile Publikoen oinarrizko estatutuaren eta klase pasiboen Legearen garapena eta aldaketa eskatzen ditu, eta ez ditu jasotzen noiz eta nola gauzatuko den. Gainera, gaur oraindik sinatzaile diren espainiako gobernua eta CCOO eta UGT sindikatuez gain, gainerako sindikatuek eta Erkidego autonomoetako ordezkariek ez daukate sinatutako dokumentua bera ere. Hauek guztiek komunikabideen bitartez izan dute akordioaren berri, nahiz eta Mahaiko kide izan.
Edukiari dagokionez, ELAk adierazi du 2022an CCOOk eta UGTk Gobernuarekin sinatu zutela ‘XXI. mendeko Administrazio baterako Esparru Akordioa’, eta bertan jasotzen zela gaur adostutakoa. Bi urte geroago, funtzionarioek eta estatutupeko langileek ez dute erretiro partzialerako eskubiderik. Sinadura horren ondorioak izan dira, besteak beste, pobretzea – azken 3 urteetan soilik % 6,3ko erosahalmen-galera izan dute – edo sektore publikoan behin-behinekotasun-maila handia mantentzea – birjartze-tasek indarrean jarraitzen dute. Erretiroari dagokionez, ELAk gogorarazi du sindikatu berberek eta espainiar Gobernuak babestu zutela erretiroa hartzeko baldintzak eta adina okertzen zituen pentsioen erreforma.
Aurreko guztia gutxi balitz, gaurko bileran derrigorrez jubilatzeko gehieneko adina 70 urtetik 72 urtera igotzea proposatu du espainiako Gobernuak.
ELAk kritikatu du Madrilen sinatzen diren akordioek benetako edukirik gabeko itunak direla, eta langileen pobretzea, behin-behinekotasun tasa onartezinak eta zerbitzu publikoen ahultzea dakartzatela. Horregatik, Sanchezen Gobernuari eta CCOO eta UGTri eskatzen die errespeta dezatela euskal sektore publikoko lan baldintzak Euskal Herrian erabakitzeko gaitasuna. Era berean, euskal alderdi politikoei eskatzen die Espainiako Gobernuari berriro ez lagatzeko euskal sektore publikoaren gaineko eskumenak, eta Aurrekontuen Legean sartzeko EAEn eta Nafarroan soldata eta enplegu publikoa negoziatzeko ahalmena. ELAk grebak eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du hori lortu arte.