BIZKAIKO ESKU-HARTZE SOZIALA

CCOOk, LABek eta ESK-k sinatutako aurreakordioak 6.000 euroko galera dakar langileentzat

2024/06/07
ELAk salatu duenez, 13 eguneko grebaren ondoren, ez dira prekaritatearen aurkako neurririk lortzen, hala nola kontratu partzialak kontratu mugagabe bihurtzea, eta gehigarriak ez dira igo

ELAk (ordezkaritzaren % 47a dauka) ez du onartu Gizardatz eta Geroan patronalen proposamena Bizkaiko Esku-Hartze Sozialaren sektorearen kontziliazio ekitaldian. CCOOk, LABek eta ESK-k ontzat eman dute hitzarmeneko aurreakordioa, baina ELArentzat eta langile guztientzat lan-baldintzak hobetzeko funtsezkoak diren gai asko alde batera utzi dituzte.
Aurreakordioaren arabera, erosteko ahalmena 7,8 puntu galduko da 2022 eta 2024 bitartean, KPIa ikusita (6.000 euroren galera 2. taldearentzat). Akordio horrek ere ez du bermatzen hurrengo urteetan KPIa berreskuratuko denik: kasurik onenean, 2026ko urrira arte itxaron beharko litzateke soldatak bizi-kostuaren igoerarekin parekatzeko.

Gainera, aurreakordio horrek kanpoan uzten ditu ELArentzat ezinbestekoak diren hainbat gai: ez dira bermatzen ordezkapenak lehen egunetik, ezta kontziliazio-neurriak ere, hala nola urtarrilaren 1ean egutegiak ematea; eta heriotzagatiko edo haurdunaldia eteteagatiko lizentzia handiagoak ere ez. Era berean, ez da aurrera egiten enpleguaren egonkortasunean, ez direlako neurririk hartzen lanaldi osoko kontratu partzialak mugagabe bihurtzeko.

Era berean, ez da adostu plusak igotzea, hala nola mugarik gabeko antzinatasunarena, bere % 100a bermatu gabe (lanaldi-murrizketaren edo lanaldi partzialaren kasuan, zati proportzionala kobratzen da); gaueko txanden konpentsazioa;eta txanda-plusa eta prestasuna.
Lan-osasunean, arriskua ebaluatzeko eta hartu beharreko neurrietan akordiorik ez lortzeaz gain, ez dira sartzen babes bereziko zentroak, hala nola gizarteratzen laguntzeko eguneko zerbitzuak; adingabeentzako ingurune ireki/itxiko neurri judizialen egoitza-zentroak; patologia duala eta/edo bazterkeria-arrisku larria duten zentroak; edo hirigunetik urrun dauden zentroak, berehalako erantzunik gabe.

ELAk deitutako 13 greba-egunen ondoren, beste akordio bat posible izan behar zen. Argi dago borroka eta mobilizazioa direla kolektiboarentzat lan- eta bizi-baldintza hobeak lortzeko jarraitu beharreko bidea.