GREBA FEMINISTA OROKORRA

Chiviteren eta Urkulluren gobernuek ezin diete aldarrikapenei muzin egin

2023/12/01
Chiviteren eta Urkulluren gobernuek ezin diete aldarrikapenei muzin egin
Greba Feminista Orokorraren ondoren, ezinbestekoa da eremu politkoan zaintza sistema publikoa eratzeko bidean aurrrerapausoak ematea.

ELAk azpimarratu nahi du atzoko Greba Feminista Orokorraren deialdiarekin bat egin zuten milaka pertsonen konpromisoa, eta grebak izandako eragina. Sindikatuaren ustez, oso albiste ona da herrialde honetako milaka emakumek eta gizonek egunean zehar deitutako mobilizazioetan parte hartu izana.

ELAk nabarmendu nahi du berehalako konponbidea eman behar zaiola egungo zaintza krisiari. Gure erakundeek eta patronalek negoziotzat dute zaintza, diru publiko kopuru handiak bideratzen dituzte enpresa pribatuetara zerbitzuak azpikontratatuz. Esaterako, Hego Euskal Herriko erresidentzietako lekuen %10 bakarrik kudeatzen du arlo publikoak.

Zaintzaren sektorea sektore pribatizatua, feminizatua eta prekarizatua da, eta gehienbat emakume migratuek egindakoa. ELAk urteak daramatza zaintza zerbitzuak publiko bihurtzearen, langileen lan baldintzak hobetzearen eta zerbitzuaren kalitatea hobetzearen alde lan egiten. Horregatik, ezinbestekotzat jotzen du zaintza sistema erantzukidea, publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa sortzea.

Atzoko Greba Feminista Orokorraren helburua zen zaintza eztabaida politikoaren muinera ekartzea, eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatzea. Hori horrela, Euskal Herriko Mugimendu Feministak bilera eskaerak erregistratu ditu bai Eusko Jaurlaritzan, bai Nafarroako Gobernuan, grebaren aldarrikapenak aintzat har daitezen.