Confebaskek ondo asko daki gobernuek bere posizioak babesten dituztela
ELAk bilera funtsezko hainbat kontu gogoratzeko baliatu nahi izan du:
-
Patronalak badaki gobernuen babesa duela (hauek eskatzen duen guztia ematen diote), eta pribilegiozko posizio horretatik oreka guztiak haustea erabaki du. Hain zuzen horregatik ez dira harrigarriak Gibelalde Adegiko buruaren adierazpenak. Astakeria izatetik harago, patronalaren erretratu zehatza ematen dute, edozer pentsatu eta egiteko eskubidea duela uste baitu. ELAren ustez, Eusko Jaurlaritzako inork ugazabei honelako adierazpenengatik kargu ez hartzeak agerian uzten du gobernu hau patronalaren helburuekin bat datorrela.
-
Negoziazio kolektiboan, berriz, ELAk azaldu duena Confebaskek inork baino hobeto daki: Negoziazioari sekulako kaltea eragin diote erreforma laboralek eta patronalaren blokeo jarrerak, edukiei eta aplikatzeko bermeei dagokienez. Lan hitzarmenak ezdeusak dira aplikatu ezean. Sindikatuak nabarmendu duenez, duela urte gutxi pentsaezina zen patronalak legeetatik hainbeste pribilegio lortuko zuenik; ametsetan ere ez zuen halakorik irudikatuko.
-
ELAk adierazten du erantzun irmoa emango diela ugazabei askatasun sindikala eta sindikatuen eginkizuna mugatu eta esparru sindikal eta sozialetan arau demokratikoak haustea helburu dutenean. ELAk beretzat eta gainerako sindikatuentzat erabateko autonomia galdegiten du bere estrategia sindikal, sozial eta politikoak erabakitzeko. Haatik, Confebaski egotzi genion agiria, zeinetan ELA eta LABi sindikatu izaera kentzeko prozedura bat proposatzen zuen, horren aurkakoa da eta Confebasken sakoneko posizioa islatzen du.
-
Gure sindikatuak ahal duen guztia egingo du soldaten jaitsierari aurre egiteko (gaur soldatek aberastasunaren banaketan inoiz baino zati txikiagoa dute); lana duintzeko (kontratu berriak sekula izan diren kaskarrenak dira), eta lehentasuna emango die gizarte-politikei eta solidaritateari (horretarako ezinbestekoa da enpresek, errenta altuek eta kapitalak zergak ordaintzea). Zoritxarrez, gero eta sektore gehiagotan eskubide bat ere errespetatzen ez duten enpresario piratek ezartzen dituzte “lehiaren arauak”; “arau” hauetan eskubide laboralak sistemaz urratzen dira. ELAk, Confebaskek ondo asko daki, ez du “elkarrizketa soziala” deitzen zaien mahai horietan parte hartuko; hauen helburu bakarra patronala, CCOO eta UGT finantzatzea da.