Dena prest ELAren XIII. Kongresurako
Bertan sindikatua osatzen duten egitura ezberdinetatik –federazioak, eskualdeak eta Nazio Batzordea– datozen 736 delegatuk hartuko dute parte.
-
Kongresuaren edukiak: Hiru dira Kongresuaren oinarrizko edukiak:
- Ateratzen den Batzorde Eragilearen Kudeaketa Txostena bozkatzea
- Ponentzia bozkatzea (hurrengo urteetako ildo estrategikoa)
- Batzorde Eragile berriaren aukeraketa
-
Gainera, Kongresuari bederatzi Ebazpenen onarpena eskatuko zaio; ebazpen horiek abaguneko elementuak nabarmendu nahi dituzte, errealitateari oso lotuak eta Kongresuak gai horien inguruko jokabidea ezarriko ditu. Ebazpenen izenburua hauxe da:
1.-Justizia sozialaren eta burujabetzaren alde indarrak metatuko dituen prozesu sindikalaren alde
2.-Bidegabeko zorra ordaintzeari uko. Ez da bidezkoa ordaintzea, eta ez dugu ordainduko
3.-Etxebizitza duina izateko eskubidea, urratutako giza eskubidea
4.-Afektu- eta sexu-aniztasuna bermatzea ere sindikatuon zeregina da
5.-Gizatasun handiagoko espetxe-politikaren alde, bake- eta adiskidetze-prozesuaren alde
6.-Justizia izateko eskubide unibertsalaren alde
7.-Gure gizartean zentzu kritikoa bultzatuko duten komunikabide publikoen alde
8.-Erakundea egokitu, negoziazio kolektiboan eraginkor izateko
9.-Hezkuntza-sistema propioaren alde, LOMCEri ez!
-
Kontinente guztietatik –mundu zabaletik– etorriko diren erakunde askok baieztatu dute dagoeneko kongresuan izango direla. Gainera, Euskal Herri osoko erakunde sindikalen eta sozialen ordezkaritza zabala egongo da.
-
Lehenengo egunaren amaieran, ELAk Kongresua baliatuko du Valentin Bengoa militante historikoari omenaldi xume bat egiteko; Bengoak hitz batzuk eskainiko dizkie Kongresura hurbilduko diren lagunei.
-
Kongresuan aurkeztuko den Batzorde Eragile berriaren proposamenak ez du inolako aldaketarik jasotzen pertsonei dagokionez, baina bai funtzioen inguruan. Gauzak honela, Adolfo Muñoz Txiki aurkeztuko da ELAren sindikatu nagusi kargurako.
-
Berritasun gisa, Langabetuen Saila sortzea proposatzen da; helburua langabezian dauden lagunen arazoak sindikatuaren dinamikan barneratzea izango da.
-
Nazioarteko mintegia.
-
Kongresuaren bezperan, ELAK, Manu Robles Arangiz Fundazioarekin batera, Nazioarteko Mintegia antolatu du UPV/EHUko Bizkaia Aretoan, Bilboko Abandoibarran, arratsaldeko 15,30etan
-
Mintegiaren izenburua “Aliantza sindikal eta sozialak, harrapaketa neoliberalari aurre egiteko ezinbesteko estrategia” da. Bertan hizlari izango dira Laura Gonzalez de Txabarri eta Mikel Noval, ELAren izenean, eta beste nazioetako partaideak.
-
Honela, Adolfo Aguirre”Fito”, Argentinako CTAkoa “Rio + 20: Herrien Goi-Bilera, bat egite eta konbergentzia prozesua”z arituko da.
-
Segida emanez, Jacques Letourneau, Quebec-eko CSN sindikatuaren Presidenteak, han izandako mobilizazio dinamikaren berri emanen du “Quebec, borroka eta aliantzen agertokia. Ikasleen 2012ko borroka eta sindikatuen eginkizuna” izeneko ponentziarekin.
-
Haien ondotik, Eric Toussaint, Belgiako CADTMkoak, “Zor ilegitimoa ezabatzea: Hirugarren Mundutik Europara” gaiaz hitzegingo digu.