Doktoratu aurreko beka duten langileen egoera kafkianoa da
Doktoratu aurreko bekarekin lanean ari diren langileak doktoretza aurreko ikerketak egiteko formakuntzan dauden langileak dira, doktorego-tesia egin ahal izateko ikerketak egiten dituztenak, hain zuzen ere.
Langile hauek, EHUn (400 inguru) egoteaz gain badaude beste unibertsitateetan ere, eta baita instituzio eta erakunde ezberdinetan ere (estatuan 10.000 baino langile daude eta Hego Euskal Herrian 1000 inguru).
Orain arte, doktoretza aurreko ikertzaile hauei “obra edo zerbitzuko” kontratua aplikatzen zitzaien. Orain, ordea, kontratu hauen kodeak aldatu dituzte, Gizarte Segurantzak (Lan eta Gizartze Segurantza ministeritzapean) eta CRUEk- Errektoreen kontseiluak- hala eskatuta. Edozein kasutan, aldaketa horiek egin dira langileei jakinarazi gabe. Are gehiago, Gizarte Segurantzaren berri elektronikoetako sarean ohar bat jarri dute, besterik ez. Orain, kontratu hauek praktiketako kontratuak bezala egitea ahalbidetzen du Gizarte Segurantzak, modu honetako kontratu guztien kasuan, gainera. Hau da, Gizarte Segurantzako lan-bizitzaren txostenak aldatu dituzte, atzeraeraginezko efektuarekin.
Aldaketa honek Europako osasun txartela izatea zailtzen du eta kontratua bukatzean kalteordaina kobratzeko eskubidea urratzen du. Halere, larriena honako hau da: gehienez ere bi urtetarako iraunaldia daukan praktiketako kontratua ezartzea ahalbidetzen dutela, funtsean, lau urtekoa izan behar zuenean. Iruzurra egiten ari dira, eta jakin badakite.
Orain, langileen eta sindikatuen presioak eraginda, CRUEk esan du (aldaketa eskatu zuenak, hain zuzen ere), praktiketako kontratua ez dela egokia egoera hauetarako.
ELAk uste du CRUEren oharra ez dela nahikoa. Izan ere, denbora aurrera doa eta aldaketa hauek ez dira inon ikusten, diskurtso hutsa da; langile berriei eskaintzen ari zaizkien kontratuak praktiketako kontratuak dira oraindik ere.
Gainera, langile hauek beste diskriminazio mota bat ere jasaten dute beraien ordainsarietan, EHUko gainontzeko langileekin konparatuz gero. Zientzia eta Teknologiaren 14/2011 Legeak dioenaren arabera, langile hauek lehen urtean hitzarmenean zehaztutako soldataren %56 kobratu behar dute, %60 bigarrenean, eta %80 hirugarren eta laugarren urteetan. Hortaz, diskriminazio horrek langileen lan-baldintzak prekarizatzen ditu.
Guzti honegatik, EHUk atzera egingo ez badu kontratu hauen aldaketatan, ELAk salaketa jarriko du Lan ikuskaritzan.
ELAk mobilizatzeko deia egin die beharginei. Ildo beretik, EHUri exijitu diogu (bai publikoki eta baita errektoreordeari bidalitako gutun batean ere) berehala berrezarri dezala “obra edo zerbitzuko” kontratu mota. Horrekin batera, hitzarmenaren negoziazio mahaia zabaldu dezala ere eskatu diogu, langile hauek bertan txertatuak egon daitezen, dagozkien eskubide guztiekin.