ITUNPEKO HEZKUNTZA

Donostiako Karmelo Ikastetxeko langileek 17. greba eguna dute gaur

2024/06/03
Beste hamar eguneko greba deialdia hasi dute. Ikastetxearen atean gaur egindako elkarretaratzean lanpostuen defentsa aldarrikatu dute.

Donostiako Scientia Karmelo ikastetxeko 42 langileek hamazazpigarren greba eguna dute gaur. Grebaren jarraipenak erabateako izaten jarraitzen du eta gehiegizko gutxieneko zerbitzuen pean, horretarako aukera izan duten langileen %100ak egin du greba.

Hilabete igaro da Donostiako Karmelo ikastetxeko langileak bere lanpostuen eta lan baldintzen defentsan mobilizazio eta grebak hasi zituztenetik. Gaurkoan, hamazazpigarren greba egunean, Scientia School enpresaren gardentasun falta salatu, ikastetxeko ateetan egin duten elkarretaratzearekin.

Izan ere, orain hilabete batzuk ikastetxea itxiko zutela adierazi zitzaienetik, Karmelo ikastetxeko langileek ez dute enpresaren partetik beste inolako jakinarazpen irmorik jaso. Azaldu dute langileen ordezkariek hainbat informazio eta dokumentazio eskatu dizkiotela enpresari eta kritikatu dure eskaera horien aurrean enpresa izaten ari den jarrera. Izan ere, momentuz, enpresaren egoeraren inguruko informazio oso bakan eta urria jaso dute langileen ordezkariek.

Bestetik, aurreko egunetan egin moduan, Hezkuntza Sailaren, Donostiako Udalaren edo Kristau Eskolaren erantzukizuna eta esku hartZea ere eskatu dute langileek. Gogoratu behar da itundutako hezkuntzaz ari garela, hein handi batean funts publikoen bidez finantzatutako jarduera batetaz.

Zentzu horretan, langileek jakinarazi dute Hezkuntza Sailarekin eta Kristau Eskolarekin bildu direla. Hala ere, azpimarratu dute horien partetik ez zaiela egoeraren konponbiderako neurri edo biderik proposatu.

Gauzak horrela, hamazazpigarren greba egun honetan lanpostuen eta lan baldintzen defentsan jarraitzeko asmoa berretsi dute langileek.

Zentzu horretan, jakinarazi dutenaren arabera, hurrengo asteazken goizean Scientiak Schoolek Bilbon duen ikastetxean deitu dute elkarretaratzea eta ostegun arratsalderako manifestazio berri bat deitu dute Karmelo ikastetxetik hasita.