Donostiako turista-oldeko barrutian merkataritza-ordutegien askatasuna ezartzeko akordiorik dagoenik gezurtatu du ELAk

2016/12/13
Udal-gobernuko taldea, bere erabakia argitaratzean, gezurretan ibili izanak argi utzi du kontrajarritako bi errealitate daudela: batetik, 0 irekieren alde dagoen gizartea, eta bestetik, merkatalgune eta banaketa-kate handien interesen alde dabilen udala.

Diario Vasco egunkarian argitaratu den albisteak honela dio: Donostiako Udaleko alkateordeak akordio bat egin du lau sindikaturekin (ELA, LAB, CCOO eta UGT), merkataritza-ordutegien arloan. Albiste hori dela-eta, ELAk honako hau jakinarazten du:

  • Turista-oldeko barrutia 2016an zabaltzeko erabakia hartu zenean, lau sindikatuoi, ezta entzunaldia ere, ez ziguten eman. Orduko hartan ere gure aurkako iritzia adierazi genuen udaleko maila guztietan, bai formagatik, bai erabakiaren funtsagatik ere.

  • Zehazkiago esanda, Sshops-ekin bilera egin ostean, eta denda txikiek aurreko barrutia nahiago zutela zuzenean jakin ondoren, lau sindikatuok eskari bat erregistratu genuen, barrutiaren zabaltzea bertan behera uzteko. Bide batez udaleko osoko bilkuran parte hartzeko ere eskatu genuen, Donostiako herritarrei gure arrazoiak eta argudioak jakitera eman ahal izateko.

  • Udalak oraindik ez digu osoko bilkuran parte hartzeko aukerarik eman, mota guztietako prozedura-trikimailuak erabiliz.

  • Behin eta berriz eskatu ondoren, ELA, LAB eta CCOO sindikatuok bilera bat izan genuen orain dela gutxi Ernesto Gascorekin, eta Bretxa turismo-barrutitik kentzeko eta Zurriola-aldea zabalgunearen barruan mantentzeko erabakiaren berri eman zigun.

  • Bilera horretan bertan alkateordeak esan zigun bere gogoko aukera Askatasun etorbideraino zabaltzea izango zela, baina adostasun zabalagoa lortzeagatik ez dutela egin.

  • ELAko ordezkariok gure iritzia eman genion: erabilitako argudioak funtsik gabekoak dira, eta etorbideraino zabaltzeko asmo horrek berak argi uzten du zein den benetako interesa (merkatalgune eta banaketa-kate handiak babestea).

  • Bileraren edukia gorago adierazitakoa izanik, begirunea erabat galtzea iruditu zaigu, eta baita joko-arauak urratzea ere, zer eta erabaki hori sindikatuaren adostasunez hartu dela esatea.

  • Donostiako Udala, erabaki eztabaidatu bat argitaratzerakoan, gezurretan ibili da, eta horrek argi utzi du merkataritza-ordutegien gaia oso gai delikatua dela EAEn. Borroka sindikalari esker, euskal gizartea dendak igande eta jai-egunetan itxita egotearen aldekoa da.

  • ELAk lanean jarraituko du, aliantzen bidez, 0 irekieraren helburua Donostian ere gauzatu arte.