EAE-ko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri eta Eusko Jaurlaritza zigortu du Hezkuntza Bereziaren sektorean norbera babesteko ekipamendurik ez izateagatik
Epaiak aitortzen du kolektibo horrek harreman estua duela ikasleekin eta Hezkuntza Sailak ez duela hornikuntzarik egin ikasturte hasieran, eta langile/ikastetxe bakoitzak bere gain hartzen duela babes horiek erostea. Gainera, EAEANk uste du Hezkuntza Sailak NBE batzuk banatu bazituen ere, ez zirela nahikoak izan. EAEko Auzitegi Nagusiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "prebentzio plangintza" bat zuen, baina ez da nahikoa plangintza bat izatea, praktikan jarri behar da, eta, epaiak dioen bezala, Hezkuntza Sailak ez du "prebentzio plangintza" gauzatu, ezta bete ere.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaian ondorioztatu duenez, Hezkuntza Sailak Covid-19ren birulentziaren aurrean ezer ez egiteak arriskuan jarri du langile horien osotasun fisikoa, bizitzeko oinarrizko eskubidea urratuz.
Irailaren 8an, ikasturtearen hasieran, ELAk Hezkuntza Saileko Prebentzio Zerbitzuan salatu zuen Hezkuntza Bereziko langileak norbera babesteko ekipamendurik gabe ari zirela lanean. EAEn, 1.050 pertsonak egiten dute lan sektore horretan, eta NBE bereziak behar dituzte beren osasuna babesteko, betetzen dituzten funtzioengatik.
Irailaren amaieran, Hezkuntza Sailaren erantzunik eta utzikeriarik eza eta ikastetxeetako egoeraren larritasuna ikusita, ELAk demanda aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta kautelazko neurri bat eskatu zuen osasunerako, bizitzarako eta plantillaren osotasunerako eskubidea babesteko. Kautelazko neurri horiek zirela eta, epaitegiak sektoreko langileen esku berehala uzteko agindua eman zuen.
Azkenik, sententziarekin pozik agertu ostean, langileen osasuna defendatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.