EAEko Heziketa Bereziko sektoreko kaosa salatzeko elkarreratzea egin du ELAk

2022/09/21
Bilboko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean elkarreratzea egin du sindikatuak EAEko Hezkuntza Berezian sortu den nahasi-mahasia salatzeko. Izan ere, 2022/23 ikasturteko aurreneko egunotan errepikatu eta areagotu egin dira aurreko kurtsoetaetako funtzionamendu akatsak. Plaza bakanteen kudeaketa kaosa bihurtu du Hezkuntza Sailak.

Nahiz eta Ordezkagune martxan jarri, arazoak berdin dirau. ELAk ez du ulertzen nola den posible azken egunotan hainbeste hutsune sortu izana, aurreko urteetan baino kopuru askoz handiagoan. Azkeneko mahai negoziatzailean, Hezkuntza Sailak adierazi zuen “COS” kontratuak (obra edo zerbitzu kontratuak) bakante moduan eskainiko zituztela. Hortaz, ulergaitza da iraila erdira arte plaza horiek eskaini ez izana. Hori gertatzen den bitartean, eskola askotan langileak falta dira adinagatik eskatutako murrizketak ordezkatu ez direlako eta dauden langileak lan karga itzelak sufritzen ari dira. Are gehiago, eskaintzak mezu bidez bidaltzen ari dira, askotan lanaldi osoan jada dauden langileei eta zerrendetako puntuaketa errespetatu gabe. Dena irizpideak jarraitu gabe.

ELA harremanetan jartzen saiatu da Hezkuntza Sailarekin, baina ezinezkoa izan zaio. ELAk argi du arazoak bi erpin dituela: Heziketa Berezian dagoen behin-behinekotasuna, batetik, eta delegaritzetan dagoen langile gabezia, bestetik. Egoera horren arduraduna Hezkuntza Sailak da, eta horregatik ELAK behin eta berriz exijitzen dio kontsolidazio prozesu bermatzailea osatzea eta delegaritzetan baliabideak hobetzea.

Horrengatik guztiagatik, ELAk kontzentrazioa egiteaz gain, Hezkuntza Sailari Mahai parekidea deitzeko eskakizuna erregistratu du.