EAEko Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketan 500 plaza finkatzeko oinarriak eta deialdiak adostu ditu ELAk

2022/12/12
Behin-behineko langileak finkatzeko Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioaren ondoren, sindikatuak bertan behera utzi ditu abenduaren 15 eta 16ko grebak. Akordioa gaur grebalariekin egingo diren batzarretan berretsiko da.

ELAk egindako presioari esker, Eusko Jaurlaritzak EAEko Hezkuntza Publikoko sukalde eta garbiketako 480 plaza finkatuko ditu, merezimenduetan oinarritutako deialdi baten bidez. Nabarmentzekoa da lan egindako denborak gainerako merezimenduen gainean izango duen pisu erlatiboa.

Urte biko lana

Azken bi ikasturteetan ELAk deitutako eta langileek onartutako hamar greba egunei esker lortu da akordioa.

ELAk gehiengoa du Hezkuntza Publikoko sektore honetan eta grebak deitu dituen bakarra izan da. Ordezkaritza duten gainerako sindikatuek uko egin diote greba dinamikari, ELAk proposatu izan arren. Beste Hezkuntza sektoreei dagokionez ere, gainerako sindikatuek uko egin diote greba eta mobilizazioei.

Feminizatua eta behin-behinekoa

Sektorearen %90 pribatizatuta dago, eta pribatizatu gabekoen artean -900 langile inguru- %60 baino handiagoa da behin-behinekotasuna. Gehienak emakumeak dira, eta 55 urte dituzte batez beste. Beraz, akordioarekin ia 500 behin-behineko finkatzea lortzeaz gain, pribatizazio prozesuari ere ateak ixtea suposatzen du.

Hezkuntza Legearen kasuan ere, sindikatuon eskaerei erantzuteko borondatea erakustea eta edukiak mahai gaineratzea eskatzen dio ELAk Jaurlaritzari. Horrela izan ezean, ELAk mobilizazio eta greba dinamikak bultzatzen jarraituko du.