EHko Eskubide Sozialen Kartak EAEko aurrekontu proiektua errefusatu du Gasteizko Legebiltzarraren aurrean
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak salatu duenez, 2021erako EAEko aurrekontuak ez dira nahikoak dauden behar sozialak asetzeko, are gutxiago, COVID-19k sortutako pandemiaren ostean. Adierazi duenez, ez diete herritarren lehentasunei erantzuten; izan ere, ez dituzte zerbitzu publikoak garatzen, ez dituzte eskubide sozial berriak aitortzen eta ez dute inolako urratsik egiten zaintza sistema publikoa, unibertsala eta doakoa eskuratzeko. Horren erakusle da osasun publikoko aurrekontua ez dela BPGren % 7ra iristen (% 5,32) eta hezkuntzakoa ez dela BPGren % 6ra iristen (% 3,95). Gainera, Kartak deitoratu du proiektua inolako parte-hartze prozesurik gabe eta gehiengo sozial eta sindikalari uko eginez egin izana, "patronalaren interesak erdigunean jarrita".
Hala, Eusko Legebiltzarrean izapidetzen ari den proiektua gaitzetsi du, Kartak egindako 7 aldarrikapen zehatzetako bakar bati ere erantzuten ez diolako, besteak beste, erreforma fiskala egiteko eskaerari, Sozietateen gaineko Zergan, PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan bildutako dirua nabarmen handitzeko. Zentzu horretan zuzendu zaie ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak ezkerreko alderdiei. Bere hitzetan, fiskalitatea eta aberastasunaren banaketa justua eztabaidaren zentrora ekarri behar dute, are gehiago, sindikatuak argitaratu berri dituen datuak ezagutu eta gero. Izan ere, ELAk publikatutako txosten baten arabera, EAEn enpresa handiek irabazten duten hamar eurotik bat baino gutxiago ordaintzen dute zergetan
Halaber, enplegu duina bermatzeko ekimen zehatzik ere ez izatea deitoratu du, besteak beste, lana banatzea ahalbidetuko lukeen 35 orduko lan astea ezartzeko proposamenik ez izatea edo 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatzeko proposamenik ez egotea.
Era berean, 2021erako aurrekontuek herritar guztiei 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko proposamenak jaso beharko lituzketela berretsi dute. Gogora ekarri dutenez, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak 3 urte daramatza astero herri eta auzoetan mobilizatzen, pentsio sistema propioa aldarrikatzen eta, zehazki, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzen, Kartak ere defendatzen duen bezala.
Era berean, gogorarazi dute zerga-erreformarako proposamen bat helarazi zutela, Sozietateen gaineko Zergan, PFEZn eta Ondarearen gaineko Zergan bildutako dirua nabarmen handitzeko. Neurri horien ondorioz, errenta handiei, aberastasunari eta enpresa-etekinei ezarritako zergak handituko ziren. Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez du eztabaida ireki nahi, eta zorra handitzearen bidez gertatzen ari den diru-bilketaren galeraren zati bat estali nahi du. “Erreforma fiskalik ez badago, gaurko zorrak etorkizuneko murrizketak izango dira”.
Era berean, uste du oposizioko alderdiek ere ez dituztela proposamenak defendatu Gobernuaren eta talde parlamentarioen arteko aurrekontuen inguruko elkarrizketetan.
Gauzak horrela, Eskubide Sozialen Kartak uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela mobilizatzea aurrekontu- eta zerga-politika errotik aldatzeko. "Aberastasuna banatu, eskubideak bermatu eta zerbitzu publikoak garatu behar dira".