EHUeko zentroen berrantolaketan lanpostuak mantentzea eskatzen du ELAK
EHUk maiatzaren 29an aurkeztu zieten sindikatuei Unibertsitateko zentruen berrantolaketaren inguruko txostena. Txosten hau unibertsitate bertako gobernu kontseiluak onartu behar du lehenik eta behin, ondoren Eusko Jaurlaritzari aurkeztu eta honen onarpena beharko duelarik.
Txosten hau Unibertsitateko langileen ordezkariei aurkeztu aurretik komunikabideei aurkeztu zaie, halere Unibertsitateak txosten hau aurkezteko erabilitako formak salatzeaz haratago, ELAk bai Unibertsitateari eta bai Eusko Jaurlaritzari exijitu nahi dio hainbat fakultate zein unibertsitate eskolen batura dakarren zentruen berrantolaketa honek ez dezala inolako kalterik suposatu EHUko langileen lan baldintzetan.
Zentzu honetan ELA, lanpostu suntsiketak, derrigorrezko lekualdatzeak, edota EHUko langileen lan baldintzen okertzea ekarri dezakeen edozein berrantolaketaren aurka agertuko da eta egoera horiek salatuko ditu.