EHUk bertan behera utzi nahi ditu negoziazio kolektiboari esker adostatuko erretiro akordioak

2022/09/28
Gaurkoan, pasadan irailaren 12an aurreratu zuen bezalaxe, UPV/EHUk indarrean dagoen erretiro akordioa bertan behera utzi nahi duela adierazi du, proposamen berri bat ekarriz mahai negoziatzailera. ELAk bere desadostasun osoa adierazi du eta, aldi berean, bide juridikoa eta sindikala jorratuko duela erantzun du.

Proposamen honen arabera, aurrejubilazioetan murrizketak izango dira, erretiro-primak bertan behera geratzen direlarik. Murrizketa hauek UPV/EHUko langile guztiengan eragina izango dute: Irakasle eta Ikertzaile zein Administrazio eta Zerbitzuetakoa, funtzionario zein laboral, finkoa zein behin-behinekoa.

ELAk gaurkoan, irailaren 12an bezalaxe, argi eta garbi adierazi du ez duela inolako atzerapausorik onartuko erretiro-akordioei dagokionez. Are gehiago, ELAk argi salatu du oraingo erretiro akordioak mantentzea zuzendaritzaren borondate kontua dela, ez baitute inolako legezko betebeharrik negoziazio kolektiboaren ondoren indarrean dagoen akordioa ez mantentzeko.

ELArentzat negoziazio kolektiboaren bitartez eta ekintza sindikalari esker lortutako eskubideak kendu nahi izatea oso larria da.

Beraz, aurrera eraman nahi duten murrizketa honen aurrean ELAk bere desadostasun osoa adierazi nahi du, eta bide juridikoa jorratuko du. Hau ez ezik, mobilizazio momentua dela uste du ELAk, eta pasadan irailaren 14ean elkarrateratzea egin zuen bezalaxe, mobilizazio dinamikari bultzatuko du.