EHUko eta hezkuntza publikoko garbitzaileen grebak jarraipen zabala izan du
2016/11/07
Gaurtik ostiralera egingo dute greba, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOOk deituta. Grebaren jarraipena erabateko izan da Gipuzkoa eta Arabako campusetan eta %70koa Leioan. Bestalde, grebaren jarraipena oso zabala izan da bigarren hezkuntzako ikastetxeetan. Gipuzkoan jarraipena %90koa izan da, Araban %80koa eta Bizkaian %70koa.
Hiru dira langileen aldarrikapen nagusiak. Lehena da soldatak %2,5 igotzea, 2010etik langileek soldatak izoztuta baituzte. Bigarrena kontratazioari buruzkoa da; langileen erdiak lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Gainera, eskoletan lan egiten dutenei uztailean eta abuztuan soldataren %30a jaisten zaie, langabeziara bidaltzen dituztelako. Lanaldi partzialak osoak bihurtzeko erregulazio bat beharrezkoa da. Azkenik, lan erreforma ikusita, horren aurkako berme guztiak jasotzea galdegiten duten langileek.
ELAk salatu nahi du enpresek negoziaketa blokeatu dutela azken urte eta erdian.