AZAROAK 30

EHUko ikasle eta langileak, greba feminista orokorrarekin bat

2023/11/08
Bihar, azaroaren 9an, Euskal Herriko campus ezberdinetan ikasle zein langileek datorren azaroaren 30ean deitutako Greba Feminista Orokorra babesteko agerraldia egingo dute eta ELA han izango da.

Azaroaren 30eko grebaren ataritan, UPV/EHUko ikasle eta langileek bat egiten dute Euskal Herriko Mugimendu Feministak bultzatutako eta hainbat sindikatuk deitutako grebarekin. Unibertsitatean ere campusak hustu eta kaleak hartzeko deia egingo dute; izan ere, zaintza problematika sistematikoa eta estrukturala den honetan, hezkuntza-sistema zisheteropatriarkal kapitalistak goitik behera astintzen ditu ere ikasle eta langileak.

Zaintza lanak ezinbestekoak dira bizitza sostengatzeko, baina ez dute dagokien aitortzarik, ez politikoki, ez ekonomikoki eta ez sozialki ere. UPV/EHUko ikasle zein langileek zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apostua egin nahi dute biharkoan ere; zaintzekiko konpromisoak nahiz erantzukizunak hartu behar direla aldarrikatuz, eta lanaren banaketa sexual eta arrazista desegiteko beharra eskatuz.

Horregatik, unibertsitateko ikasle zein langileok ere, bizitzak erdigunean jarriko duen Zaintza Sistema Publiko eta Komunitarioa baten alde jardungo dute. Horretarako, jada martxan dauden greba antolatzeko markoetan parte hartzeko deia egingo dute. Denon bizitzak erdigunean jartzeko prozesuari ekinez, zaintza eskubide kolektiboaren alde.