ELA, 100 urtez Nafarroan

2011/11/11
ELAk Nafarroan bete duen mendea azaroaren 11n ospatu zen Barañaingo Auditorioan izandako ekitaldi hunkigarri batean; 500dik gora afiliatu eta adiskide bildu zen bi ordu inguruko programa bizitzeko.

Sindikatuak ekitaldian omenaldia egin zien solidario historiko guztiei; hauen ordezkari hain zuzen bi gizon izan ziren Barañainen, Luis Santesteban Eskisabel, 96 urte, 1931tik hona afiliatuta dagoena, eta Jose Luis García-Falces, 91 urte, Gerra Zibilaren aurretik ELAko presidente izan zen Nicolas García-Falcesen semea.

Merezitako gorazarre horren ondoren bi hitzaldi izan ziren, ELAko idazkari nagusi den Adolfo Muñoz, Txikirena, eta Nafarroako arduraduna den Mitxel Lakuntzarena. Lakuntzak nabarmendu egin zituen sindikatuak 1976an Euba-Eibarren izandako III Kongresuan hartutako hautu estrategikoak, baita Nafarroaren alde egindako apustua eta erakutsitako konpromisoa. “Ehun urte igaro direlarik, inoiz baino arrazoi gehiago daukagu amesten dugun Nafarroa justu eta solidario horren alde borrokatzeko. Nafarroa ez ofizial horren parte gara, batzuk ezkuta arazi eta ikusezin bihurtu nahi duten Nafarroa horrena alegia. Halere, ondo asko dakite ezin izan gaituztela isilarazi, eta etorkizunean ere ez dutela lortuko, gure lurraren alde borrokatzeari uzteko lortuko ez duten bezala”.
Bestalde, Muñozek esan zuen “bere mendeurrenean, ELAk mugimendu sindikalaren balioak aldarrikatzen ditu. Sindikalismo abertzaleak, klasekoak, makurtzen ez den horrek, merezi du. Langile-klasearentzat egoera oso zailean bete ditugu ehun urte, baina prest gaude zailtasunei aurre egiteko”.

Ekitaldia ixteko, azken urteotan enpleguari edo lan-baldintzei eusteko borroka oso baldintza zailetan egin behar izan duten sindikatukideei omen egin zitzaien: Azvase, Irakaskuntza Publikoa, Iruñeko lorazainak, Pamplonica, Comansa, TRW, Gamesa Altsasu, La Montañesa, Gamesa Tudela, Tuterako TAO, Josefina Arregui, Barranquesa, Savera, Amma, Ospitaleko sukaldariak, Dornier, Garbitasun sektorea, Dana, KYB, Norton Saint-Gobain, Cementos Portland, Dagesa, SKF, Sunsundegui, Funvera eta Arcelor.

 

Irakurri Adolfo Muñoz "Txiki"ren hitzaldia