ELA EHUko erretiroen batzordeko mahaitik altxatu da zuzendaritzak erretiro akordioak bertan behera utzi nahi dituelako

Hainbat bileraren ostean, UPV/EHUko zuzendaritzaren asmoa argi geratu da; aldebakarrez bada ere, erretiro-akordioak baliogabetu nahi ditu; erretiro primak kentzeaz gain, gainerako pizgarrietan ere, lanorduen murrizketetan kasu, langileon interesen kontrako neurri garrantzitsuak inposatu nahi ditu.
Aurreko bileretan bezala, ELAk bere oposizio tinkoa adierazi du; negoziazio kolektiboari zaion errespetu falta ikusirik, erretiroei buruzko batzordeko mahaitik altxatu da.
Erretiro-akordioak mantentzea zuzendaritzaren borondate kontua da. Ez dago betebehar legalik akordioak baliogabetzeko. Erabaki hauek guztiak errektore-taldearen erantzukizuna dira.
ELAk ez du inolako atzerapausorik onartuko. Argi eta garbi adierazi nahi dugu ez dugula langileen eskubideen murrizketa suposatuko duen inolako akordiorik sinatuko. UPV/EHUko zuzendaritzak planteatu dituen eduki onartezin hauen inguruan ELAk ez du negoziatuko.
Egoera larri honetan ELAk uste du planto egiteko eta mobilizazio dinamika bati ekiteko unea dela.