HEZKUNTZA PUBLIKOA - nafarroa

ELA erlijioko irakasleen legea indargabetzearen alde agertu da

ELA erlijioko irakasleen legea  indargabetzearen alde agertu da
Sindikatuaren ustez, irakasgai konfesionala desagertu behar da, erlijioko irakasleen eskubideak galdu gabe. ELAk berretsi egin du LOMLOEren eta Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioen aurkako jarrera, eta langileen kontratazioa Nafarroako Gobernuari bakarrik dagokiola defendatzen du.

ELAk 2022an adierazi zuen ez zegoela ados Navarra Sumak eta Geroa Baik onartutako legearekin; izan ere, lege horrek tratu diskriminatzailea eragin zuen gainerako irakasleekiko. Une horretan, sindikatuaren ustez, LOMLOEk Haur eta Lehen Hezkuntzan sustatutako irakasgaia murrizteak ez zuen eragotzi behar erlijioko langileentzako sindikatu ordezkaritzarekin negoziatutako eta adostutako irtenbidea bilatzea. Irtenbide horrek erlijioko irakasleen lan eskubideak eta hezkuntzako gainerako irakasleen lan eskubideak uztartu beharko zituen, eta 2022an onartutako legean ez zen horrelakorik gertatu.

ELAk berretsi du ez dituela onartzen Espainiako Estatuaren eta Vatikanoaren arteko akordioak, eta Eliza Katolikoari hainbat arlotan ematen zaion salbuespen egoera, besteak beste, Hezkuntzan. Ildo horretan, ELAk uste du Nafarroako Gobernuari bakarrik eta inolako baldintzarik gabe egokitu behar zaizkiola hezkuntza gaitasun osoa, hezkuntza-curriculuma eta langileen kontratazioa. Ildo beretik, sindikatuak uste du erlijio konfesionalen irakaskuntza kendu behar dela. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eta horren alde dauden alderdiei eskatzen diegu LOMLOEren egungo arau esparrua gaindi dezatela, erlijio konfesionalaren irakasgaiari eustearen aldeko apustua egiten baitu.

Horregatik guztiagatik, ELAk ezinbestekotzat jotzen du 2022ko legea indargabetzeaz gain, Hezkuntza Departamentuak benetako negoziazio prozesu bat egitea ordezkaritza sindikalarekin, erlijioko irakasleei irtenbidea emateko, haien lan eskubideak bermatuz. Sindikatuaren iritziz, prozesu horrek Nafarroako Administrazioaren zerbitzura dauden irakasleen araudi propioa bete behar du, gainerako irakasleek bezala. Halaber, prozesuak barne hartu behar du ikasgai konfesionalaren desagerpenarekin amaituko den trantsizio bat, egungo erlijio irakasleen lan eskubideak errespetatuko dituena. Kolektibo horrek 2013an kaleratzeak jasan zituen artzapezpikutzaren eta UPNren gobernuaren aldetik, Rajoyren lan erreforman ezarritako 20 eguneko gutxieneko kalte ordaina aplikatuta.