ELA eta CIGak Estatuko Eskola Kontseiluan Hezkuntza erreforma atzera botatzea eskatu dute

2012/10/30
Gaur, Madrilen, Estatuko Eskola kontseiluak osoko bilkura izan du LOMCE aurreproiektuaren inguruan Espainiako Gobernuari bere iritzia emateko. Bertan izan dira Estatuko hezkuntza eragile eta estamentu ezberdinak lege aurreproiektuaren inguruan eztabaidatu eta kontseiluaren izenean Espainiako Gobernuari informea idazteko.

 

Estatuko hezkuntza eragile eta estamentu ezberdinak biltzen dituen Eskola Kontseiluan LOMCE aurreproiektua erretiratzeko eskaria egin dute sindikatuek, hezkuntza erreforma Euskal Herriko eta Galizako erakundeen eskuduntzetan eskusartze berri bat dela argudiatuz, ez diela euskal eta galiziar hezkuntza sistemen beharrei erantzuten eta interes ekonomiko eta ideologikoen baitan egiten dela salatuz. Bestalde, Estatuko Abokatuak eta Eskola Kontseiluko lehendakaritzak bertan ordezkatuta dauden erakunde batzuekin izan duten jarrera salatzeko, beste eragile batzuekin batera, Eskola Kontseilua utzi dute. 

ELA eta CIGak informe alternatibo bana aurkeztu dute, non Espainiako Gobernuari eskatzen zaion hezkuntza erreformarako aurreproiektua erretira dezala (ikus informe alternatiboak). Behin informeak aurkeztu ondoren, ELA, CIG eta beste hainbat erakundek Eskola Kontseilua utzi dute, Estatuko Abokatuak eta Eskola Kontseiluako lehendakaritzak kontrako iritziak estaltzeko izan duen jarrera onarkaitza salatu asmoz.

Bi sindikatu hauentzat Hezkuntza Erreformarako Lege aurreproiektua aurrera eramateko prozedura guztiz antidemokratikoa izan da eta ez da hezkuntza eragileen inolako parte-hartzerik egon.

Edukiei dagokienez, seriotasun minimo bateko diagnostikorik egin gabe eta eskola porrota aitzakiatzat hartuta hezkuntza eskubide unibertsala kolokan jartzen da, autonomia erkidegoen eskuduntzak erasotzen dira, ikasle eta familiak diskriminatzen dira eta ikastetxeen kudeaketa demokratikoa ezabatzen da. ELA eta CIGaren ustez euskal eta galiziar erakunde eta eskuduntzekiko eraso berri baten aurrean gaude, zentralizazio eta espainolizazio ahalegin berri baten aurrean, alegia.

Aitzakia hauekin guztiekin, hezkuntza ekonomiaren eta enpresen beharren zerbitzura jartzeko proiektua da Hezkuntza Ministerioak inposatu nahi duena. Hezkuntza-sistema klasista bultzatu nahi da, herritar xeheen seme-alabak diskriminatzen dira hezkuntza unibertsal eta osorako aukerak mugatuz, irakasleria gutxiesten da lan baldintza eta eskubide urratuz eta ikastetxeen kudeaketa demokratikoa ezabatzen. Beldur gara, Espainiako Gobernuak azken urteetan inposatu dituen murrizketak kontutan izanik, erreforma hezkuntzan are murrizketa gehiago eta gogorragoak inposatzeko tresna ere izango ote den (plantillak mugatuz, ikasgaiak kenduz, langileen funtzioak eta desplazamendu aukerak handituz, plazak amortizatuz, gelako ikasle kopurua handituz, etab.).

Hezkuntza “kontraerreforma” hau interes ideologiko eta ekonomikoen baitan egiten da eta uniformazio ideologiko, politiko eta kulturala bilatzen du.

Horregatik guztiagatik, gaur ELA eta CIGak Estatuko Eskola Kontseiluari eskatu diote Espainiako Gobernuari exiji diezaiola aurreproiektuaren erretiratzea.

Era berean, aurrez ere adierazi moduan, ELA eta CIGak Eusko Jaurlaritza berriari, Nafarroako Gobernuari eta Galizako Gobernuari, baita alderdi politiko guztiei ere eskatzen die Euska Herriko eta Galizako herritarrok nahi dugun hezkuntza sistema eraikitzeko ahalmenaren eraso berri honi aurre egin diezaiotela eta inola ere ez dezatela honelako eskuduntza murrizketarik eta erreforma atzerakoirik aplikatu. Honekin batera, euskal eta galiziar jendarte osoari, hezkuntza eragileei eta hezkuntzako langileei dei egiten die eraso berri honi aurre egitera eta gure hezkuntza eskuduntzak eta eskubide zein lan eta bizi baldintzak defendatzera.